Lide Hernando.
'Ekografiak'

Goldea

2025eko maiatzaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal telebistako umoregintzak hartu du behingoagatik erreleboa: ETB1ek jada badu bere gaueko saio umoretsu eta gaztea, eta Linbo du izena. Aitziber Grados du aurkezle, eta hainbat gonbidatuk eta kolaboratzailek osatzen dute saioaren ordubeteko iraupena.

Hiru Damatxok urteak daramatza euskal umoregintza berri eta ezberdin bat egin daitekeela frogatzen. Iaioak dira moldeak apurtzen —euren hastapenetako Txoministak edota Kartzela bezalako webserieekin erakutsi zuten bezala—, eta oraingo honetan ere hala egin dute, betiko telebistaren prime time-ra lekualdatuz, gainera; ostegun gauero Linbo-ren atal berri bat izango baitugu gure euskal katean.

Eskertzekoa da aurpegi berriak pantailara ekartzeko egindako esfortzua ere; imajinatzen dut haiek badakitela odol berriak soilik gauza onak ekar ditzakeela, baina imajina dezaket ere horretaz goikoak konbentzitzeak hainbat bilera eta negoziazio eskatu izana. Horren ondorioz, txalo besterik ezin dut egin 25 urteko emakumezko aurkezle bat —ondoan gizon aurkezlerik ez duena, uau— jartzeko erabakiaren aurrean. Eta bai, Aitziber Gradosek lehen ataletik erakusten du badakiela horrelako zerbait eramaten, umorea garraiatzen, gonbidatuak entzuten, saio bat ondo ixten —ez, hori ez, baina ederki egin du Danel Galdaera kolaboratzaileak berarengatik lehenengo atalean—. Izan ere, Aitziber Gradosen onena, hobetzeko gelditzen zaion guztia aurreikus daitekeela da. Primeran plataformako Argizaiola saioa ikusi dugunok jada hasiak ginen bere esentziaren txinparta batzuk antzematen, eta, uzten badiote, ikus-entzunezkoetako aurkezle oso potentea izatera irits daitekeela uste dut.

Aipatu Danel Galdaeraz gain, Ander Malbadi, Maria Blanco, Julen Goldarazena AKA Flakofonki edota Olaia Inziarte ere izango dituela kolaboratzaile Linbo saioak. Gonbidatu aldetik, oraingoz emititu duten atal bakarrean Aitziber Garmendia eta Idoia Asurmendi ikusi ahal izan ditugu; late show ohikoetan nola, euren azken aldiko lanen berri emango digute gonbidatu horiek, Gradosen galderek eta umoreak lagunduta.

Asko pozten nau Hiru Damatxoren ekoizpen batek telebista konbentzionala hartu izana. Ibil Bedik euren azken diskoan dakarten goldearen metafora ekartzen didate gogora: kulturaren lurrak harrotu egin behar dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.