gaizka izagirre
'Ekografiak'

Goonietarrak

2025eko abenduaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ziurrenik, 1980ko eta 1990eko hamarkadan jaio ginenontzat The Goonies da filmik ikoniko eta maitatuena ―Stand by Me, Indiana Jones, Back to the Future, Ghostbusters eta bestelakoak ere maite ditugu, baina ez hainbeste―. The Goonies ez zen gazteentzako abentura hutsa; belaunaldi oso baten oroimenean iltzatuta geratu den kultur fenomenoa baizik.

Aurten, film magiko horrek 40 urte bete ditu, eta urteurren horren harira, ostiralean, zaharberritutako bertsio bat estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zenbait zinematan.

Spielbergen Amblin zigilupean, Richard Donnerrek zuzenduriko filma 1985ean jaio zen, eta adiskidetasunaren esentzia, abenturaren espiritua eta egunerokoaren barruan ohiz kanpokoa deskubritzeko zirrara harrapatzen jakin zuen. Garai hartako haur eta nerabe askorentzat —eta geroago telebistaren eta VHSen bidez hazi zirenentzat— lagun talde hark altxorraren bila egindako ibilbidea beren amets eta irudimenen isla bihurtu zen.

The Goonies filmaren magia benetakotasunean datza. Pertsonaiak ez ziren heroi perfektuak, baizik eta gazte arruntak, benetako arazoak eta nortasun nabarmenak zituztenak, baina lotura hautsezin batez elkarri lotuak. Tunel bakoitzak, mapa bakoitzak, tranpa eta aurkikuntza bakoitzak publikoari xuxurlatzen zion munduan oraindik bazirela sekretu magikoak, haurren bihotzak eta irudimenak bakarrik ulertzen dituen horietakoak.

Urteen poderioz, bere garaia gainditu eta zinemaren sinbolo bihurtu zen. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako erritu bilakatu da: harekin hazi zirenek beren seme-alabei erakutsi diete, eta haiek aurrekoek sentitu zuten emozio berberaz hartu dute. Fratelli familia, Willy Begibakarraren mapa zaharra, Sloth, Andrea, Data, Michael, Gordi eta konpainiak gure iruditeria kolektiboan betiko lekua dute; haien esaldi eta eszenek gaur egungo film eta telesailetan ere jarraitzen dute oihartzuna izaten.

Lau hamarkada igaro arren, filmak hasieran bezala dir-dir egiten jarraitzen du, 1980ko hamarkadako zinemaren xalotasuna, ausardia eta magia berezi hura gogoraraziz, inoiz itzaltzen ez den kandela baten moduan.

Bere ondareak oraindik ere ezezagunaren atzetik abiatzeko desioa pizten du.

Ez ahaztu: Goonies never say die (Gooniek ez dute inoiz hil esaten).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.