Hau ez da pantaila txikian topa dezakegun eduki baten inguruko kritika bat izango. Hau, zuzen eta garbi esanda, telebista kate baten aldeko alegatua izango da. Ez tranparik, ez bigarren irakurketarik, ez informazio baliagarriz mozorrotutako pertsuasio ariketarik: Hamaika Telebistaren alde egin nahi dut testu honetan, eta kito. Merezi duelako, behar duelako baina, batez ere, behar dugulako.
Telebista konbentzionalaren erabilera jaitsi eta jaitsi ari den honetan, komeni da hedabide batzuek duten balio soziala gogora ekartzea. Gogora dezagun, adibidez, Hamaika Telebista dela hiru administraziotan banatuta dugun nazio zatikatu hau, lurralde adabakitu hau, osotasun bakar bezala islatzen duen ikus-entzunezko hedabide bakarrenetarikoa. Horretara bideratuta dituela, adibidez, UEMArekin batera ekoitzitako Euskararen egoera ulertzeko gakoak saioa, zeinetan, hamaika bideo animatu laburren bitartez, egun dugun euskararen erabileraren argazki bat egiten digun, nora goazen uler dezagun; edota Euskal Herriko paisaia ederrenetatik eramango gaituen 11 Leiho saioa.
Gogora dezagun baita ere, beste hedabide batzuek baino askoz ere diru publiko gutxiago jaso eta, hala ere, bertakoek injenio guztia erabiltzen dutela euren programazioa beteta mantentzeko. Bai, nik ere ikusi dut Altsasutik Donapaleurainoko bidearen zatiren bat, begiak pantailara itsatsita, errepidearen bihurguneek hipnotizatuta, ordu txikitan etxera itzuli eta lotarako gogorik ez nuen batean. Zer nahi duzue esatea? Igandetako meza baino entretenigarriagoa dela esango nuke.
Gogora dezagun, halaber, kate honetakoa dela emakumeek soilik ekoitzi eta aurkeztutako late night gisako lehen euskal saioa: Kolpez kolpe. Umore garratz eta ausarta egiten dutela, emakumeei eginiko elkarrizketez hornituta, eta ezagutzen ez bazenuten, ikustea gomendatzen dizuedala, nahiz eta azken atala duela gutxi eman zuten dagoeneko —nahieran topatu ahal izango dituzue atal guztiak—.
Komeniko litzateke, azkenik, gogoratzea euskal musika guztiari trataera berbera ematen dion Musika Zuzenean saioa emititzen duela. Eta gauza gehiago esan nitzake, baina esandakoarekin jada uste dut argi gelditzen dela euskal kate horrek duen balio soziala zein den, entretenitzeaz harago. Gora Hamaika Telebista!