Naiz irratiko Aztarna solidarioa saioaren azken emanaldiaren iragarkiak arreta piztu zidan sare sozialetatik jasotzen ditudan guztien artean, Aitor Bedialauneta Euskal Gorrak elkarteko presidentearekin egindako elkarrizketaren berri ematen baitzuen. Pertsona gor bat soinuan oinarrituriko komunikabide batean, nola liteke? Izan ere, duela urte batzuk Irrati Ekoizpena eta Errealizazioa izeneko ikasgaia ezgaitasunen bat duten pertsonei egokitzearen inguruan galdetuta, erantzun nuen pertsona gorrek ezin izango zutela inolaz ere egin, orduan ez bainintzen egokitzeko gai izan.Â
Beraz, kuriositateak eraman ninduen saioaren atala entzutera. Zeinu hizkuntzako interpretearen bidez egin zuten elkarrizketa. Ez zen lehenengo aldia; 2025eko otsailaren 21ean ere egona baitzen Bedialauneta irrati estudioetan saioak gonbidatuta, eta orduan ere zeinuak hitz bihurtzen zituen pertsona baten beharra egon zen gonbidatuak zer esaten zuen aditzeko. Oraingo honetan, berriz, teknologiak eta bideopodcast formatuak erraztu dute entzuleokiko zuzeneko kontaktua. Alde batetik, eskuak ikusi ahal dizkiogu, baina ziur nago gehienok ez ditugula ulertzen zeinu horiek eta berdin-berdin itzultzailea behar dugula. Beste aldetik, eta horrek bai ahalbidetzen du elkar ulertzea, azpititulu automatikoak agertzen dira pantailan.Â
Teknologiak pertsona gorren eta entzuleen arteko komunikazioa errazten badu ere, ekarri nahi dut elkarrizketatuak egindako aldarrikapena: zeinu hizkuntza mintzaira bat da, eta, beraz, balioa eman behar zaio eta hura ikastea bultzatu ere bai, beste batzuekin egiten den bezala. Unibertsitatean, adibidez, norabide horretan urratsak egiten ari dira, baita zenbait ikastetxetan ere, baina oraindik asko dago egiteko; esaterako, telefonoz eskaintzen diren zerbitzu publiko batzuk egokitzeko.
Eta zutabe honetan irratia hizpide dudanez, beharbada birpentsatu beharko nuke bere momentuan eman nuen erantzuna; audioarekin lotura zuzenagoa duten alderdi batzuk alde batera utzita gero eta bisualagoa den komunikabide batean ere gorreria ez litzateke harresi gaindiezina. Eta hori ere baliagarria litzateke, esaterako, euskarazko edukiak entzuleria erdaldunari helarazteko, aitzakiarik gabe. Baina horri ere batzuek entzungor egiten diote.Â