gaizka izagirre
'Ekografiak'

Gorreria pantailetan

2026ko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urteotan telesailetan gorreriaren irudikapenak bilakaera nabarmena izan badu ere, gehienetan errealitatetik nahiko urrun kokatu izan dira. Hamarkada luzez, gortasuna gutxi edo gaizki irudikatu da telebistan: pertsonaia gorrak bigarren mailakoak izaten ziren, estereotipatuak edo aktore entzumendunek antzeztuak: horrek benetakotasunik gabeko irudiak sortzen zituen, eta komunitate gorrari buruzko ideia okerrak betikotu.

Ez da inondik inora ere Reunion telesailaren eta Sorda filmen kasua; biak Filminen ikusgai. Bigarrena Movistar Plusen ere bai.

Lehengoan, errealitate hori kontakizunaren erdigunean jarriko da, eta, ohiko drama soil batetik urrun, thrillerraren lurraldeetara eramango du ikuslea, tonu likits eta gordina erabiliz. William Mager gidoilari gorrak idatzitako telesail elebiduna da, eta britainiar keinu hizkuntza, ingeles mintzatua eta azpidatziak uztartuko ditu.

Daniel Brennan izeneko gizon gor baten ikuspuntutik kontatua dago, fisikoki zein emozionalki gizartetik bakartua dagoen pertsona baten begietatik. Hasieratik ezagutuko dugu Daniel Brennan: hamar urteko zigorra bete ondoren espetxetik atera berri den gizon gor bat da. Brennanek bi munduren artean harrapatuta dagoen pertsona baten borroka irudikatu du: ez da gai mundu entzulean erabat integratzeko, eta komunitate gorrak arbuiatzen duela sentituko du.

Ezin da ukatu istorioa nahiko arrunta dela; hala ere, gorren errealitatea erdigunean jartzeak bestelako itxura eta sakontasuna ematen dizkio narrazioari, eta telesailari oro har.

Eva Libertad zinemagilearen Sorda filmean, berriz, Angela emakume gorraren istorioa ezagutuko dugu; haur bat izango du Hectorrekin, bikotekide entzulearekin. Haurdunaldiak, ordea, amatasunari eta alaba izango denarekin komunikatzeko moduari buruzko beldurrak azaleratuko dizkio.

Filmak benetakotasunez eta sentiberatasunez heltzen die gorrek, nagusiki entzule den gizarte batean, dituzten erronkei eta zailtasunei. Narrazioa oso delikatua, fina eta hunkigarria da, ez baita salaketa hutsera mugatzen; sentiberatasun handiz erakusten du mundua oraindik ez dagoela prestatua isiltasunean bizi direnentzat. Ikusle gisa ispilu baten aurrean jartzen gaitu, gizartean entzule gisa dugun erosotasuna zalantzan jartzera behartzen gaituelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.