gaizka izagirre
Ekografiak

Gorrotoaren hazia

2026ko irailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Russell T. Davies sortzaile britainiarrak itxuraz etxekoa, arrunta eta hurbila den istorio bat hartu du, auzoko kale batean kabitzen diren horietakoa, askoz handiagoa den zerbaiti buruz hitz egiteko: behin betikoak ziruditen aurrerapen sozialak gure begien aurrean desegiten ari direla. Tip Toe (HBO Max) da, Furious-ekin batera, udan ikusitako telesailen artean biziki gomendatzen dudan beste izenburua.

Leo Struthers (Alan Cumming) hirurogei urte inguruko gizon gay bat da, queer taberna baten jabea. Clive Goss (David Morrissey), berriz, haren bizilagun heterosexuala da, ezkondua eta bi seme-alabaren aita. Ez dira lagunak, baina harreman adeitsua eraiki dute. Harik eta —azalduko ez dudan— zerbait gertatzen den arte.

«Jada ez naiz munduan lehen bezain seguru sentitzen», dio Leok telesailaren une batean. Gatazkaren erdian, ikuslea haren alboan kokatzen da, haren zaurgarritasunaren lekuko. Cummingek bizitasunez eta hauskortasunez beteriko antzezpena eskaintzen du.

Clive, berriz, desatsegina da eta aurreiritziz betea dago, baina ez da hasieratik munstro gisa aurkezten, baizik eta pixkanaka erradikalizatzen den pertsona arrunt gisa.

Telesailak erakutsi nahi du erradikalizazioa ez dela egun batetik bestera gertatzen. Clive ez da goiz batean esnatu eta, bat-batean, munstro bihurtu. Atzean prozesu bat dago, tantaz tanta betetzen den edalontzi baten antzera.

Bi pertsonaia nagusi horien gatazkaren bidez, telesailak homofobia, transfobia, erradikalizazio politikoa, maskulinitate toxikoa eta sare sozialen bidez hedatzen den desinformazioa bezalako gaiak jorratzen ditu.

Oso telesail bizia da, oso erraz ikusten diren horietakoa eta gizarte kritika boteretsua duena, baina zenbait unetan serieak gehiegi azpimarratzen du esan nahi duena. Diskurtso batzuk ozenegiak dira, mezuak gehiegi markatuta daude eta irudiari ez zaio behar bezalako garrantzirik ematen. Baina, agian, horixe ere bada haren izaeraren parte. Ez du xuxurlatu nahi. Ez du ikuslea lasaitu nahi. Erne jarri nahi du.

Ez da Russell T. Davies-en telesailik onena —It's a Sin eta Years and Years dira, nire ustez, haren lanik onenak—, baina, bere akatsekin eta gehiegikeriekin batera, 2026ko telesail britainiar aipagarrienetako bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA