Sara Azurza
Ekografiak

Gozoa bezain mingotsa

2026ko apirilaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amarga Navidad filmak doluaren, memoriaren eta sormenaren inguruko gogoeta proposatzen du. Pedro Almodovarrek zuzendu du lana, eta denbora-geruza anitz eta pertsonaia-sare konplexua uztartzen ditu, bereziki emakume protagonisten bidez artikulatuta.

Narrazioaren erdigunean, galera sakonak jasan dituzten emakumeak daude: gehien maite dutena galdu ondoren, oroitzapenek, erruak eta berreraikitzeko ezintasunak baldintzatutako existentzia batean murgilduta. Aldi berean, filmak sormenaren eta minaren arteko harreman estua aztertzen du, eta, hala bizipen pertsonalak materia artistiko bihurtzeko duten gaitasuna agerian utzi.

Zuzendariak errealitatearen eta fikzioaren arteko mugarekin jokatzen du. Pertsonaiek sortzailearen ahotsarekin hitz egiten dute, eta, aldi berean, haien sorkuntzek beste geruza bat gehitzen diote kontakizunari. Emaitza egitura korapilatsu bat da, baina esperientzia handiko gidoigile baten eskuetan koherentzia mantentzen duena. Raul protagonista, zinema-zuzendaria bera ere, bere azken gidoia idazten ari da, eta ikusleak paraleloan jarraitzen die haren bizitzari eta bere sorkuntza fikziozkoari.

Bigarren planoan, baina egituraz ezinbesteko moduan, Elsa ageri da, bera ere zuzendaria eta gidoigilea, bere kontakizuna eraikitzen. Horrela, filmak ispilu-joko bat proposatzen du, sortzailearen eta sorkuntzaren arteko mugak etengabe zalantzan jarrita. Proposamena anbiziotsua da, eta une batzuetan nahasia izan daitekeen arren, interesgarria da bere planteamenduagatik.

Hala ere, emaitza ez zait guztiz biribila iruditu. Pedro Almodovarren keinu eta obsesioek pisu handiegia hartzen dute zenbait pasartetan eta horrek ikuslea nekatu dezake.

Dena den, aktoreen lanak sendotasuna ematen dio filmari. Barbara Lenniek Elsa konplexu eta kontraesankorra gorpuzten du, hotza bezain hauskorra; Victoria Luengok, berriz, harreman toxiko batean harrapatutako emakumearen tentsioa transmititzen du; eta Aitana Sánchez-Gijonek, Monicaren bidez, denboraren igarotzeak eta loturen higadurak uzten duten arrastoa erakusten du.

Ondorioz, Amarga Navidad ez da, nire ustez, zuzendariaren lanik sendoena, baina bai haren unibertso tematiko eta formalaren beste adierazpen interesgarri bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA