Sara Azurza
'Ekografiak'

Guinness etxea

2025eko urriaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Guinness zerbezaren zalea bazara, telesail hau zuretzat da. Zer gertatzen da dinastia baten sekretuak argitara ateratzen direnean? The House of Guinness telesail berriak galdera horri heltzen dio, Peaky Blinders-en sortzaile Steven Knightek gidatuta. XIX. mendeko Irlandan girotua, garagardoaren inperioa eraiki zuen familiaren barrunbeak erakusten ditu: boterea, dirua, eta itxuraren azpian ezkutatzen diren zauri zaharrak.

Arthur Guinnessek 1725ean sortu zuen bere garagardo beltz ospetsua, baina haren ondorengoek eraikitako fabrika handiak ez ziren soilik arrakasta ekonomikoaren ikur izan: Irlanda protestantearen eta katolikoaren arteko tentsioen erdian, familia bera bihurtu zen boterearen metafora. Etxeko seme-alabek, testamentu baten kondizioek baldintzaturik, elkarri aurre egiten diote, maitasuna, erantzukizuna eta lehia odolean daramatzatela erakutsiz.

Ivana Lowell idazleak, Guinnessen ondorengo batek, familiaren benetako istorioa hartu du oinarritzat. Downton Abbey ikusten ari zela ohartu omen zen bere arbasoen istorioak askoz ere zuku handiagoa zuela, eta, gainera, guztiz egiazkoa zela. Hamar urte geroago, Knightek fikzio bihurtu du: serieak Succession-en tonua du, baina garagardo usainarekin.

Ez da telesail leun bat: fabrika ilunetako lurrun artean eta Irlandako landa pobreetan, negozioaren eta moraltasunaren arteko talkak dira ardatz. Lowellek esan duenez: «Ez nituen gaizto bihurtu nahi, baina garai hartan negozioan aritzea krudela izatea zen».

Hala ere, trama interesgarria eta erritmo bizikoa izan arren, efektu bereziek eta irudiek artifizialtasun puntu bat ematen diotela iruditu zait, Peaky Blinders berri bat izateko saiakera batean geratzen dela, hain zuzen ere. Estetika gehiegizko horrek istorioaren sakontasuna lausotzen du, eta zenbait eszenatan, istorioaren indar dramatikoak pantailako distira galdu egiten du. Dena den, interesgarria da hain ospetsua den familia honen istorioa zertxobait ezagutzea, boterearen eta sekretuen artean osatutako genealogia baten ispilu gisa. Guinness marka gaur egun ere mundu osoko tabernetan isurtzen da; telesailak, berriz, haren itzala erakusten du: familia baten historia, Irlandaren historia bera bezala, zapore mingots eta iraunkorrarekin, denboraren joanarekin ere iraunkorra dirudien garagardo baten aparra bezalaxe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!