Zutabe hau maiz irakurtzen duzuenok kokoteraino egongo zarete true crime generoaren zale amorratua naizela irakurtzeaz, eta genero horrekin lotuta estreinatzen den (ia) guztia ikusten dudala jakiteaz. Imajinatu, beraz, zer-nolako poza hartu nuen iaz euskarazko lehen true crime saioa estreinatu zutenean.
Krimenak. Gure kronika beltza saioaz ari naiz; lehenengo denboraldia estreinatu zenetik oraindik urtebete igaro ez den honetan, Primeran plataformak saioaren bigarren denboraldia estreinatu du. Hemen ere gidaria Xabier Madariaga da, sei atalez osatuta dago, eta Baleukok ekoitzi du.
Lehenengo denboraldiaren bideari eta estiloari jarraituz, saioak bete-betean asmatzen du hasieratik oinarrizkoa eta ezinbestekoa den zerbaitekin: biktimak erdigunean jartzea. Haien izenak, haien isiltasunak, haien zauri ikusezinak kontaketaren ardatz bihurtzen dira, eta une oro haien begietatik eraikitzen da narrazioa, haien duintasunari leial. Atal batzuk besteak baino sendoagoak izan arren, hautu hori ez da inongo momentutan hausten.
Morboari bizkarra emanda, irudi gordinik gabe, odol tantarik erakutsi gabe. Patxadaz eta begirunez eskaintzen zaigu gertatutakoaren testuingurua, kazetaritzaren ikuspegi zuzenetik. Hain oinarrizkoa, logikoa eta etikoa dirudien hautu hori, zoritxarrez, ez da hain ohikoa: plataforma digitalak gainezkatzen dituzten true crime askok ez dute hori kontuan izaten, eta maiz morboan zentratzen dira, hiltzailea bera eta sentsazionalismo merkea bihurtzen dira espektakuluaren bihotza.
Xabier Madariaga beti bezain fin eta zorrotz ageri da hemen ere, eta kontakizunek eskatzen duten neurriko ekarpena egiten du. Dena den, ñabardura txiki bat erantsi nahiko nuke: kasu honetan, narrazioari eta irudiei laguntzeko, off ahotsarekin nahikoa izango litzatekeela uste dut. Pabiloi ilun horretan, material eta atrezzo desberdinekin Madariaga agertzen den eszena horiek funsgabeak eta errepikakorrak iruditzen zaizkit, eta erritmoa moztu egiten dute; betelana dira.
Crims telesailean —Carles Portaren saio bikainean— eta beste hainbatetan egiten den moduan: aurkezlea hasieran eta amaieran agertzen da, eta tartean bere off-eko ahotsa erabiltzen da. Uste dut hori dela eraginkorrena.
Bigarren denboraldi hau ere oso gomendagarria da.