Sara Azurza
Ekografiak

Gure piztiak

2025eko abenduaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Piztiek gure barnean lo egiten dutela uste duzu? Agian denok ditugu ezkutuan gordetakoak, bizitzako egoerek estutzen gaituztenean azaleratzen direnak. Egunak ez dira beti errazak, eta kolpez kolpe erortzen garenean, gure buruhauste eta beldurrak azalera ekar ditzakete. Ez al da hala?

The Beast in Me telesaila da horren isla garbia. Netflixen ikus daiteke, Claire Danes eta Matthew Rhys bezalako aktore indartsuekin osatutako thriller sofistikatu gisa. Istorioaren erdigunean Aggie Wiggs dago: idazle arrakastatsua izan zen, baina bere semea, Cooper, auto-istripu batean hil zenetik ez da gai liburu bat idazteko eta are gutxiago argitaratzeko. Egun horretatik aurrera, bere bizitza apurka-apurka deseginez joan da. Tragediaren ondoren, emazte ohiak utzi egin zuen, etxe hartan mina eta errua besterik ez zela geratzen ikusita. Aggie bakarrik bizi da orain, fakturak pilatzen ari zaizkiola eta txakurraren konpainia baino ez duela.

Egun batean, ordea, Niles Jarvis izeneko gizon misteriotsua bere ondoko etxera joaten da bizitzera. Eraikuntza-dinastia boteretsu baten oinordeko aberatsa da, baina bere ospe tamalgarriak itzala luzatzen dio. Jende askok bere lehen emaztea hil izana leporatzen dio; emakumea modu susmagarrian desagertu zen, eta, nahiz eta ez den inoiz frogatu, badira berak hil zuela sinesten dutenak. Haren presentziak auzokoen jakin-mina pizten du, eta baita Aggierena ere.

Pixkanaka, bi pertsonaien artean harreman berezi eta konplexua sortzen da: laguntasunetik eta konfiantzatik hurbil dagoen lotura, baina, aldi berean, susmoz betea. Biek dute zer irabazi eta zer galdu: Aggiek egia argitu nahi du, bere bizitzaren kontrola berreskuratzeko; Jarvisek, berriz, bere izena garbitu eta itzalak alde batera uztea bilatzen du. Baina, azken batean… nor da benetako piztia?

The Beast in Me entretenimendu ongi antzeztua da, aktore-doluak gustuko dituztenentzat aproposa. Ez da nire thriller kuttunena, baina entretenigarria iruditu zait, eta ongi funtzionatzen du bere helburua betetzeko: tentsioa mantentzen du, eta misterio nahikoa eskaintzen du. Ikusle moduan, ziurrenik asebeteta sentituko zara duen erritmoarekin eta zalantzak nola argitzen diren ikustean, nahiz eta zenbait mezu aurreikusgarriak izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.