Lide Hernando.
EKOGRAFIAK

Gure zinema

2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Egiari zor, eta hainbat eta hainbat euskaldun zinemazalek espero genuenaren kontra, Zinea Zetaz ETB 1eko saio berriak ez zuen behar bezain ondo hasi bere ibilbidea. Itziar Ituñok eta Eneko Sagardoik aurkeztutako programak hainbat kritika izan zituen, batik bat, Twitter edo X sare sozialean —nola ez—; horien arrazoia, lehen saioan bertan gaztelaniazko film bat eman zutela izan zen.

Ahoz gorako kritika horietara gehitu ez nintzen arren, gogoan dut dezepzioa sentitu nuela; baita, ziurrenik, saio horien ordena hautatzerakoan Ituñok eta Sagardoik inongo zerikusirik izan ez zutela pentsatu nuela ere. Beste askok bezala, La Noche de ikusten igaro ditut nire haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroko astearteak; maite nituen bertan azaltzen zituzten filmen edota aktoreen inguruko anekdota bitxiak, Felix Linaresen hitzen bat azpimarratzeko agertzen ziren grafismo barregarriak, gazapoen ospakizunak. Gehienetan, gainera, nahiago izaten nuen filmaren aurreko ordu erdiko aurkezpen hori ikusi, filma bera baino —azken urteetan egiten ari ziren hautaketa nahiko kaskarra zen—.

Linares erretiratzera zihoala iragarri eta halako saio bat euskaraz egiteko aldarriak atera zirenean, zirrara sentitu nuen; eta EITBk tankerako euskarazko saio bat egingo zuela iragarri zuenean, are gehiago. Beraz, ulertzekoa da Zinea Zetaz-ek bere lehenengo atalean Érase una vez en Euskadi filma ematea erabaki zuenean bekainak okertu izana. Ulertzen ditut film hori eskaintzeko arrazoiak; baina ordena kontu bat zen, besterik ez, euskara maite dugunok irainduak sentitu ez gintezen.

Nolanahi ere, gertatutakoa ahaztu eta saioa neutraltasunez aztertzeko hautua egin nuen duela aste batzuk. Eta, egia esan, La Noche de-ren perfekzio maila eta eskarmentura iristeko apur bat gelditzen zaion arren, eta aurkezpenen iraupena dezente luzatuko nukeen arren, ondo landutako edukia dela uste dut. Ituñok eta Sagardoik goxo eta argi hitz egiten diote kamerari, egindako film hautaketa egokia iruditu zait, eta aipatzen dituzten anekdotak interesgarriak dira; esaterako, Zorion Egileor Bilboko Aste Nagusiaren sortzaile kontsideratzen dela, edota Nora filmean Hendaiako liburu dendaren jabe gisa agertzen den emakumea bertako benetako jabea zela, eta ez aktore bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.