Telesailen eskaintzak gainezka egiten duen garaiotan, guztien artetik nabarmentzeko, nortasuna izatea iruditzen zait gakoa; ausarta izatea. Kontatzen dena, noski, garrantzitsua da, baina are gehiago nola kontatzen den; alegia, erabiltzen den hizkuntza zinematografikoa.
Badira hilabete batzuk estreinatu zutela, baina Superestar telesaila aipatzeko gogoz nabil aspalditik; gehiago ala gutxiago gustatu dakioke ikusleari, baina zenbat eskertzen den Vigalondok txertatu dion nortasuna, ausardia eta originaltasuna.
Yurena abeslari santurtziarraren hasiera artistikoak ditu ardatz. Gerora Tamara izena hartu zuen, eta No cambié abestia eta Superestar albuma plazaratu zituen. 2000ko hamarkadaren hasieran oso pertsona ezaguna bihurtu zen Espainian; alor musikalagatik bai, baina batez ere prentsa arrosaren munduan izan zuen presentziagatik eta inguruan zituen pertsonaia xelebreengatik. Leonardo Dantes, Loly Alvarez, Paco Porras, eta, jakina, ezinbesteko figura izan zen bere ama Margarita Seisdedos.
Uste nuenaren kontrara, Superestar ez da telezaborrari egindako kritika, ezta biopic tradizional bat ere. Sei ataletako bakoitza Tamarismoa-ren mundua deritzon horretan parte hartu zuen pertsonaia xelebre horietako bakoitzari eskainia dago; euren izaeran eta egindakoen arrazoietan sakontzeko. Errazena horiei barre egitea izango litzateke, baina Vigalondok biderik zailena aukeratu du.
Hego Euskal Herriko etxe askotan ETB1 eta, oro har, euskarazko telebista kontsumitu dugun arren, saihetsezina izan da (eta da) Espainiako telebista programazioan egon diren saioak ere ikustea. Ondo ala gaizki iruditu, gustuko izan ala ez izan, baina errealitate bat da. Horregatik, askok badakigu zer den Tamarismoa deritzon fenomenoa.
Egia da, bestalde, aipatzen diren erreferentziak ezagutzen ez dituztenek edo fenomenoa urrun bizi izan dutenek —Ipar Euskal Herrikoek edota gazteenek, adibidez— ñabardura guztiak galduko dituztela bidean.
Bestalde, zalantzak sortzen dira telesailaren benetako helburua zein den ulertzeko, hau da, zer kontatu nahi duen zehazki jakiteko. Bisualki gozagarria eta ikusgarria bada ere, norabide falta horrek zaildu egiten du pertsonaiekin enpatia sentitzea.
Gozamen hutsa da, baina ez da ikusle guztientzako telesaila.