Sara Azurza
'Ekografiak'

'Hacks'

2026ko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Konturatuko zinen, irakurle, Urrezko Globoak eta kritikarien sariak emateko ekitaldiak hilabete honetan izan direla. Ez dakit zuri zer iritsi zaizun, baina niri sareetan agertu zaidan bakarra hau izan da: Leonardo DiCaprioren publizitate etenaldiko keinuak, Mark Ruffalok Donald Trumpen aurka egindako adierazpen sutsua, Sean Penn zeremonia barruan zigarroa erretzen, eta Meg Stalter eta Paul W. Downs alfonbra gorrian, Timothee Chalamet eta Kylie Jenner imitatzen. Eta, noski, saritu guztiak.

Azken bi horiek, Stalter eta Downs, duela gutxi deskubritu dudan telesail bateko pertsonaiak dira. Baina barrez leherrarazten zaituzten pertsonaia horietakoak dira. Nola ez, euren komedia-lana alfonbra gorrira eraman dute Chalamet eta Jennerren imitazioarekin, eta, askorentzat, kritikarien sariak banatzeko ekitaldiko momenturik onenetakoa izan da.

Duo dinamiko hori beste duo dinamiko baten bueltan eraikitako telesail batetik dator: Hacks, lau denboraldiko komedia, HBO Max plataforman ikusgai dagoena. Telesailak Deborah Vance (Jean Smart) stand-up komiko mitikoari eta Ava Daniels (Hannah Einbinder) haren komedia idazle gazteari jarraitzen die, egungo komedia industriaren testuinguruan. Haien lan harremana eta bizitza pertsonalak etengabe gurutzatzen dira, eta hori da, hain zuzen, telesailaren ardatz nagusia. 

Alde batetik, Deborah Vance dugu: ibilbide luzea duen komikoa, baina bere lanaren zati handi bat zaharkituta geratu zaiona. Bestetik, Ava Daniels: bere bidea egiten ari den idazle eta komikoa, xelebrea, baina egia aurpegira esateko beldurrik ez duena.

Haien harremana mentore-ikasle dinamikatik abiatzen da, baina laster bihurtzen da konplexuagoa, askotan toxikoa ere bai. Biek behar dute elkar, baina boterea alde bakarrean dago. Harremana lanekoa dela jakinda ere, batzuetan bikote toxiko baten aurrean gaudela ematen du.

Hala ere, bada zerbait ederra bien porrotak ikustean, akatsetatik ikasi eta pixkanaka harremana humanizatzen doan heinean. Ez da kasualitatea, beraz, Hacks telesailak 2026ko Urrezko Globoetan eta kritikarien sarietan Jean Smarti aktore onenaren saria eman izana, Deborah Vanceren rolean egindako lanagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.