gaizka izagirre
'Ekografiak'

Hanka ortopedikoaren kirrinka

2026ko otsailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jafar Panahi zinemagile irandarrak bere film berria estreinatu du Filminen: Un simple accident.

Filmak izenburuari erreferentzia egiten dion istripu sinple batekin hasten du bidea: gizon batek txakur bat harrapatu du errepidean, haurdun dagoen emaztearekin eta alabarekin etxera itzultzen ari dela. Autoa matxuratuta, behartuta daude kanpoaldeko tailer mekaniko batera jotzera. Han, mekanikariak uste du gidaria ezagutzen duela: iraganeko figura ilun eta mingarri bat, torturaren eta espetxealdiaren oroitzapenekin lotua.

Une horretatik aurrera, kontakizunak road movie moral baten forma hartzen du; bidaiak, errepidea zeharkatzeaz gain, mendeku nahia, trauma kolektiboa, errepresioaren aztarnak eta memoriaren zama azaleratzen ditu.

Panahik zenbait generorekin jolas egiten du hasieratik bertatik: drama sozialaren oinarriak ageri dira, baina thrillerraren tentsioa ere sumatzen da tarteka. Deigarriena erabilitako umorea da: umore beltzaren, absurdotasunaren eta ironiaren zipriztinak txertatzen ditu une erabakigarrietan. Istorioaren muina latza eta gupidagabea bada ere —tortura, zapalkuntza, injustizia—, filmak ez du izuaren edo solemnitatearen bidetik jotzen; aitzitik, ñabardura sotil eta arnasgarriak erabiliz, hausnarketa sakon baterako tartea eskaintzen du.

Ñabardura horien bidez, gidoiaren erdigunean Irango erregimenaren aurkako salaketa argi eta sendoa agertzen da: torturatzaileak, preso politiko ohiak, espetxea eta horiekin lotutako oroitzapen mingarriak. Filmak erakusten du indarkeria instituzionalak zauri sakonak, fisikoak eta psikikoak uzten dituela. Era berean, agerian uzten du gizartea nola bizi den beldurraren eta isiltasunaren artean, hitz egiteko premia eta zentsura etengabe gurutzatzen diren lurralde konplexu batean.

Salaketa hori indartzeko pertsonaien elkarrizketek pisu handia badute ere, Panahik sinbolismo bisual indartsuak baliatzen ditu, torturaren eta minaren arrastoak gorputzetik harago irudikatzeko: basamortu erdian hilda dagoen zuhaitza, gaueko bidaia amaigabea, maletategi itogarri eta iluna, eta batez ere hanka ortopedikoaren kirrinka. Hots hotz eta metaliko horretan, gizarte hautsi eta ilun baten metafora aurkitzen da, bere putzu sakon eta ilunetik irten ezinik dagoena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA