Aurrekoan lagun musikari batekin ofizioaren gorabeherez ari ginela, Hannah Montana izeneko sindromea asmatu genuen. Bueno, ez genuen asmatu, jada existitzen den gauza bat dela ohartu baikinen; baina gaitz horri izena jartzea bururatu zitzaigun, eta hemen idatzita utzi nahi dut, inork ostu ez diezagun.
Hannah Montanak, Disney Channel katean ematen zuten telesail horretako protagonistak, bizitza bikoitza zeraman: mundu guztiarentzat institutura zihoan nerabe arrunta zirudien arren, pop izar famatu bilakatzen zen sekretupean aldika-aldika. Bere familiak eta lagun solte batzuek soilik zuten sekretu horren berri.
Hannah Montana heroi gisa erretratatzen da Disney Channeleko telesail horretan, baina Hannah Montanak, berez, ezkutuan eta sekretupean beste gauza bat egiten zuela argi dago: sufritu. Zeren eta, zein nerabek hautatzen du bere 13, 14, 15 urteekin, pop izar famatu izateko patua, eta ofizio hori ikasle izatearekin uztartu? Hala beharko luke izan, bai; sufritu besterik ez luke egin behar Miley Cyrusen pertsonaiak, Hannah Montanaren sindromea bizitzen dugunok ere hala egiten dugulako. Eta, batez ere, Disney Channeletik kanpoko errealitate gordin honetan, Hannah Montana izatea ez delako hautatzen: behar batetik abiatutako egoera bat izan ohi da. Gutako askok ez dugu plazerez ileorde marroia horiarekin aldatzen; ez dugu egiten ari ginen horren —askotan, bulegoko lan bat— jarrera eta idiosinkrasia partikularra alboratu eta guztiz bestelako jarrera bat hartzen —oholtzakoa, performatiboagoa— hala nahi izan dugulako.
Fikzioak sarritan erromantizatu ditu aurpegi eta ofizio ezkutuak dituzten pertsonaiak; are gehiago, superheroi guztien funtsa hori dela esango nuke; begira bestela Clark Kent eta Superman, Peter Parker eta Spiderman, eta Bruce Wayne eta Batman. Mundua salbatzera etorri den gizaki supranatural horrek, auskalo zein arrazoirengatik, ezkutuan egin behar omen du bere lana, bere bizitza erdibituta.
Bada, mundua salbatzeko adinako ahalmenik —eta gogorik— izan gabe, baina esperientziaz diotsuet, ez dela batere dibertigarria Hannah Montana edo Batman izatea. Ez dugula nahi, berez, ero moduan ibili ofizioz ofizio, mozorroz mozorro bizitza zati ezberdinak performatzen, hilaren amaierara iristeko.