Berta Caceres Hondurasko ekintzailearen izena darama Hernaniko (Gipuzkoa) Kulturarteko Plaza Feministaren areto batek. Areto horretan ez, baina eraikin berean egin dute egunotan Hariak erresistentzia istorioei buruzko zinema jaialdia, eta emanaldietako bat Las semillas de Berta Cáceres dokumentala izan zen —Youtuben ikus daiteke—. Martxoaren 2an beteko dira hamar urte Caceres hil zutenetik. Dokumentalean mintzo direnek argi helarazten dute mezua: Caceresek utzitako haziak bizirik daude. Agua Zarca proiektu hidroelektrikoaren aurkako borrokan ari zen Hondurasko ekintzaile hori, eta badira inguruko herrietan tankerako beste borroka batzuk. Dozenaka ingurumen ekintzaile hil dituzte azkeneko urteetan. Haien haziak ez dira nolanahi desegingo, ordea.
Semillas de Kivu dokumentala ere eman zuten Hernanin, Caceresena proiektatu zuten egun berean. Kivun (Kongoko Errepublika Demokratikoa), munduko gunerik bortitzenetako batean, emakume talde bat Panziko ospitalera iritsi da. Inguruko gerrilletako soldaduek taldean bortxatu dituzte emakume horietako batzuk. Bortxaketen ondoren jaiotako umeak onartzeko prozesua eta tratamendua ez dira nolanahikoak. Gerrako bortxaketak ditu hizpide lan horrek, eta ikuslea ez du epel uzten. Gauza bera gertatzen da Mama Zawadiren kontakizuna entzutean, Mama dokumentalean. Hirutan bortxatu zuten, modu basatian. Eta Lwiroko Primateak Babesteko Santutegian aurkitu du babesa, txinpantzeekin. Zauriak neurri batean sendatzen ari da Zawadi, txinpantzeak zaintzen.

Kongoko bi dokumental labur horiek proiektatu ostean, Kulturarteko Plaza Feministan bildutakoek aukera izan zuten Nicole Ndongala Nzoiwidi Karibu elkarteko zuzendariaren hitzak bertatik bertara entzuteko. Kontatu zuen gaztetxoa zela nola bortxatu zuten, eta nola iritsi zen Europara pasaporte faltsu batekin. Diru apur batekin nola joan zen Belgikatik Madrilera, eta nola gelditu zen kalean, negarrez. «Ez dut inoiz hainbeste negar egin». Ondotik, Afrikatik iritsi diren emakume askori eman die laguntza Ndongalak. Hariak jaialdiko emanaldi gehienen ostean izaten dira solaserako tarte interesgarriak. Sarritan hunkigarriak, Ndongalaren hitzaldia bezalakoak. Bihotza uzkurtzen dutenak.
Bukatzeko, Palestina
Gerrako bortxaketak. Bortxaketa arma gisa, gerretan. Encara hi ha algú al bosc (Norbait bada basoan) dokumentalean, 1990eko hamarkadako Balkanetako gerran Bosnia eta Herzegovinan bortxatu zituzten emakumeak eta haiek izandako haurrak dira protagonista. Ikuspegi interesgarri bezain aztoratzailea biltzen du lanak: 20 urte baino gehiago dituzte bortxaketen eraginez jaio ziren haiek. Beste herrialde batzuetako familiek adoptatu zituzten batzuk. Baina Bosnian bertan bizi dira beste batzuk, eta bada gazte bat, adibidez, parez pare topatu duena bere aita biologikoa, amaren bortxatzailea, Gorazde hirian. Erakundeek urte luzez ahaztua izan dute gaia, ez diote inolako garrantzirik eman gerran bortxatuak izan ziren emakumezko haiei. Ezta haiek izandako haurrei ere.

Dokumental horretako lekukotzen artean, andre batek kontatzen du nola sei soldaduk bortxatu zuten. Auzitegietan salatu zituen, eta haietako bati soilik jarri zioten zigorra. Sei urteko espetxe zigorra, baina ez zuen bete, eta libre gelditu zen berehala. Filmin plataforman ikus daiteke Encara hi a algú al bosc.
Gerrak, migrazioak eta trantsizio ekologikoa izan ditu ardatz Hariak jaialdiaren laugarren aldiak. Trantsizio ekologikoaren gaiari lotuta, aipamen berezia merezi du Nagore Ezeizak zuzendutako Zona Wao dokumentalak. Petrolio enpresek Amazonian egindako basakeriak erakusten ditu filmak, Ekuadorko komunitate bateko herritarren ahotsen bidez. Ibaia pozoitu diete, eta bizitoki zuten eremua suntsitu. Espoliazio prozesuak ez dira nolanahikoak.

Halako erresistentzia istorioak entzunda, kontzientzia haziak erne daitezke Hariak jaialdiko ikus-entzuleengan. Filmek utzitako arrasto horiek ez ditu haizeak eramaten.
Gaur bukatuko da jaialdia —Hernaniko Udala eta Amher elkarte antirrazista eta feminista dira antolatzaileak—, begia palestinarrengan jarrita. 11:00etan, La raíz del olivo (Olibondoaren sustraia) dokumentala emango dute. Ondotik, Gazatik ihesi Hernanin errefuxiatu diren Sol Band taldeko musikarien bizipenak entzun ahal izango dira. Haien doinuekin amaituko da aurtengo Hariak.