Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Harro herri!

2024ko martxoaren 17a
05:00
Entzun

Ostegunean abiatu zen 23. Korrika Irundik, eta hilaren 24an Baionara helduko dela aurreikusten da, Euskal Herriko bi mila eta bostehun kilometro zeharkatu eta gero. Harro herri lelopean, hamar egunez milaka euskalarik laguntzen dute gau eta egun eskuz esku pasatzen den lekukoa. Hau da segur aski Euskal Herrian dugun herri-ekimen kultural handiena, eta, igaro ahala, gure hiri, herri eta auzoetan, euskal komunitatea indartu egiten da. Aspaldian ere mugaz gaindi zabaldu da, eta kanpotik askok begiak zabalik begiratzen dute nola berrogei urteren ondoren inoiz baino biziagoa dagoen.

Lau hamarkadetako historia jasotzen duen podcasta eskaintzen da Korrikaren webgunean. Naiz Irratiarekin elkarlanean ekoitzitako bost minutu inguruko 23 ataletan —sorrera azaltzen duen atarikoa eta edizio bakoitzeko bana—, emakume gazte baten ahotsak kontatzen dizkigu edizio bakoitzeko informazio aipagarrienak, anekdotak edo pasadizoak, baita gordetako sekretuak ere, horietako batzuk airean utzita: 9. Korrikako andregai hura itzuliko zen ezkontzara kilometroa egin eta gero, ala probestu zuen ihes egiteko?

Leitmotiv gisa, Korrika bakoitzeko abestia erabiltzen da lokuzioaren koltxoi moduan. Ados, hori ez da guztiz horrela; 8. edizioari buruzko atalean narratzaileak aitortzen duenez, urte horretan aurkeztu zen lehenengo aldiz lasterketarako egindako abestia, aurrekoetan ibilbidea girotzeko sortu baziren ere, ez ziren Korrikarako espresuki egindakoak.

Gure herritik noiz pasatuko den itxoiten ari garen bitartean entzuteko gomendagarria da guztiz podcasta. Umorea, jolasteko grina eta entzulearen jakin-mina nahasten dituen ondo jositako gidoi baten gainean eta soinu-baliabideak bikain erabilita, oso kontakizun fresko eta erakargarria eskaintzen du. Gainera, euskara ikasten ari direnek atal guztien testuak eskuragarri dituzte webgunean, hobeto kasu egin ahal izateko. Pena edo baina bakarra dut, ez baitute esaten norenak diren testuak eta lokuzioa, ezta edizioa nork egin duen ere.

Euskarazko irratietan luze eta zabal jorratzen dute 23. Korrika ere. Besteak beste, Baionako amaierako ekitaldia eskainiko dute Euskadi Irratiak, Bizkaia Irratiak eta Euskalerria Irratiak batera; lehenago, 21ean, lekukoa Getxotik igarotzen delarik, Faktoria bertatik emitituko da. Arrosa sareko irratien mikroek ere ez dute huts egiten. lnterneten zein uhinetan, euskaraz, harro!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.