Arantza Gutierrez Paz.
'Ekografiak'

Haurrak

2025eko abenduaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Imajinatzen ditut Intxaurrondoko Hegoa eskolako Haur Hezkuntzako 5 eta 6 urteko umeekin irratsaio bat egiteko ausardia izan duten irakasleak haurrek sortzen duten kaosean ordena jartzen, eta ez edonon, irrati-estudio batean gainera. Ez da ahalegin makala! Eta hori lan nekeza bada ere, are zailagoa iruditzen zait hain txikiak diren ume horiek mikro aurrean hitz egin edo abes dezaten lortzea. Hain zuzen, hori egin zuten abenduaren 16an Donostiako Ttan Ttakun irratian, non saio berezi batean umeek Gabon zoriontsuak opa zizkiguten.

Aste batzuk lehenago, azaroaren 26an, eskola bereko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailen txanda izan zen. Aurretik aipatutako saioan umeen hizkera traketsak irribarrea sorrarazten badigu ere, honako honetan, berriz, gidoi bat sumatzen da. Ikasgelan landutako edukietan oinarrituta, hainbat tokitara bidaiatzeko aukera ematen digute, helmuga bakoitzeko musikak lagunduta gainera; besteak beste, Paris, Erroma, Brasil, Japonia edo Greziaren inguruan hainbat datu ematen dituzte. Ziur nago oso modu erakargarrian informazioa bildu eta testua idatzi ondoren, irakurketa landu dutela, ia konturatu gabe ikasten zuten bitartean. Emaitza entzungai dute irratiko webgunean, eta harro egon daitezke egindakoarekin.

Ez da lehenengo aldia Donostiako eskola batek Ttan Ttakunen irratsaio bat egiten duena, Aitor ikastolako ikasleak ere ari ohi baitira mikroetan 2011ko urtarrilean hasi zen kolaborazioaren barruan. Beraz, promozio ezberdinak igaro dira dagoeneko estudioetatik azken hiru bosturtekoetan. 

Oiartzun Irratiko mintzatokian ere gaztetxoek beren tokitxoa dute. Elizalde institutuko kazetaritza tailerreko kideen eskutik estreinatu berri baitute Besteik gabe izeneko saioa. Udal komunikabide horretan aurretik ere izan dute ikasleen kolaborazioa, hain zuzen ere literaturaz hitz egiteko. Oiartzungo LHko 6. mailako irakurle taldekoek gidatuta, eta adin ezberdinetako irakurleen parte hartzearekin Liburuak Hitz eta Pitz tartea eskaintzen baitzuten aurreko ikasturtean.

Haurrek aspaldian utzi zioten irrati handien xede izateari, baina adibide hauek —eta hainbat ikastegitan egiten diren irratsaio, podcast eta kazetaritza-tailerrek— agerian uzten dute beren balio pedagogikoa, eskola-curriculum formalean zein ez-arautuan, eta ziur nago etorkizuneko komunikatzaileengan istorioak kontatzeko grina pizten dutela. Harrobia badago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.