Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Haurren oporrak

2026ko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udako oporrak hasi dira Hegoaldeko eskoletan, eta bi aste baino ez dira falta Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko haurrek eta irakasleek merezitako atsedenaldia har dezaten. Gurasoen txanda heltzen da, eta kasu batzuetan kontziliatzeko beharrak buruhauste galanta ekartzen die; beste batzuetan, aldiz, etxeko gaztetxoen denbora betetzea eta entretenituta izatea da kezka handiena. Kalean, hondartzan edo parkean errazagoa da asperdurari aurre egitea, une txarrak dauden arren. Baina etxean itxita daudenean, tarteka egoera jasangaitza izan daiteke, eta orduan nork ez du pentsatu maisu-maistrek ondo irabazia dutela soldata (eta oporrak luzeegiak direla, astebete baino pasatu ez bada ere).

Pantailetan pega-pega egon ez daitezen, opor koadernoak, margotzekoak, liburuak, jostailuak eta etxean dagoen jolas arsenal osoa ateratzea ez da nahikoa. Ez dakit haurrentzat egindako irratsaio eta podcastak benetako alternatiba diren, baina horrela balitz, Guau plataforman eskaintza zabala dago. Egia da entzunezko arreta muga hamar-hamabost minutu ingurukoa dela, baina tarte hori nahikoa izan daiteke aktibitate batetik hurrengo batera pasatzeko, istorio ederrak aditzen dituzten bitartean. Gutxienez, une batez eseri daitezen lortzeko beta. Pausaldia.

Nire proposamena bestelakoa da: irratsaioa egitea. Ez du trebakuntza teknologiko berezirik eskatzen eta era dibertigarrian ikasitako gaitasun batzuk lantzeko parada ematen du, ikasten ari direla konturatu gabe. Duela urte batzuk kolore biziko mikrofonodun kasete grabagailu-erreproduzitzaileak erabiltzen genituen; gaur, telefono, tablet edo ordenagailuaren grabatzaileaz balia gaitezke. Haurrari eskatuko diogu istorio bat asmatzeko, edo kazetari lana egiteko edo musika esatari moduan aritzeko. Erregistratu ondoren, edizioa egiteko euskaraz dagoen Audacity erabil dezakegu edo Interneten topatu ahal ditugun editore sinpleagoak. Ez dut ukatzen horrek eskatzen duela gurasoen ahalegina, lagunduta egiteko ekimena baita. Hala ere, azkar ikasten dute.

Dena den, batzuetan haur hezkuntzan adituak direnen aholkuak behar dira. Horrela balitz, Antxeta Irratian Intza Elizaldek eta Nerea Ordokik eskaintzen duten Angiru saioa lagungarria izan daiteke. Dagoeneko 33 atal argitaratu dituzte, eta horietan seme-alabak hobeto ulertzeko hainbat gako ematen dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE