John Bellamy Foster soziologoak sortu zuen kontzeptua, sistema kapitalistaren eta hiri-landa banaketaren ondorioz gizateriaren eta naturaren artean sorturiko desoreka eta deskonexioa izendatzeko, Karl Marxek eraturiko metabolismoren ideiatik abiatuta. Hau da, gizakiok egiten dugun ingurunearen ustiapen basatiak natura gaixotzen du, eta konpontzen ez badugu, hilko dugu, Lurra eta bere baliagaiak finituak baitira.
Hori da aurkitu dudan azalpena, Irola Irala irratian topatu dudan Haustura Metabolikoa irratsaioaren harira. Aitortu behar dut Interneten begiratu behar izan dudala saioaren izenburua ulertu eta kokatzeko, lehenengo irakurketa batean metabolismo hitza gorputzarekin eta osasunarekin lotzen bainuen. Neurri batean hala da, planetaren osasunaz hitz egiten baitute. Izenburuak ere argi uzten du nondik begiratzen dioten krisi ekologikoari; norberaren erantzukizunik haratago, sistema kapitalistak eragindakoa baita, eta horregatik atzean dauden faktore politiko, sozial, ekonomiko edo historikoak mahaigaineratzen dituzte.
Saioaren bosgarren denboraldia hasi berri dute. Erdialdeko Amerikako meatzaritzan zehar bidaia eginez, bereziki lehenengo mundua deiturikoan egiten den metalen kontsumoaren aseezinaren eta horrek beste herrialdeetan eragiten dituen kalte sozial eta ekologikoen inguruan gogoeta egiteko aukera ematen digu iraileko atalak. Aurrekoetan, ez dute beti hain urruti joan behar izan, eta mundu globalean zein ingurune hurbilean egindako erasoak aztergai izan dituzte, esaterako Ezkerraldea eta Uribe Kosta lotzeko eraiki nahi den itsasadar azpiko tunelak (subflubiala) eragingo duena. Dena den, ez da ikuspegi pesimista beraiena; optimismorako tarte handirik ez badago ere, leku ezberdinetan sortzen diren erresistentziek eta borrokek lekua dute beren mikroetan.
Irola Irala da 1980ko hamarkadan Bilbon izan zen irrati askeen eztandatik bizirik irauten duen bakarra. Hurrengo urtean 40 urte beteko dira auzokoek pentsatu zutenetik ondo legokeela komunikabide bat izatea beren ahotsa entzunarazteko, baita auzo-bizitzan eragiteko ere. Martxan jartzeko lokal ba behar zutelarik, lehenengo estudioa irolak zeuden tokian kokatu zen, eta auzoaren izenarekin hitz-jolasa eginez sortu zuten izena. Irrati historiko honetan, gaztelania nagusi izan bada ere, nabaria da euskarak gero eta leku gehiago duela, errotuta dagoen auzoan bezala.