Sara Azurza
'Ekografiak'

Hiru lagun, koadro bat

2026ko urtarrilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asko gara urtea kleenex eta frenadol artean hasi dugunak, eta eskerrak doministikuka ibili arren zinemak gripea arindu didan. Gaur, bereziki, Frantziatik datozen bi pelikularen inguruan hitz egingo dizut: Trois amies (Hiru lagun) eta Le Tableau volé (Lapurtutako koadroa).

Bi filmak oso desberdinak dira, baina elkargune bat dute: komedia dramatikoaren esparruan kokatzen dira, eta artearen inguruan —zuzenean zein zeharka— garatzen diren elkarrizketen bidez eraikitzen dituzte istorioak. Artea, harremanak, maitasuna eta desamodioa bezalako gaiak lantzen dituzten bi lan dira.

Trois amies filmak, Emmanuel Mouretek zuzenduak, hiru lagunen eta bikotekideekin dituzten harremanen inguruan dihardu. Joan ez dago jada Victorrez maiteminduta, eta min egiten dio harekin zintzoa ez izateak. Alicek, bere lagunik onenak, ez du Eric bikotekidearekiko pasiorik sentitzen; hala ere, harremana bikain doala dio, maitemintzeak sortzen dion beldurragatik erosotasunean erori baita. Rebeccak, berriz, ezkutuko amodio bat du gizon ezkondu batekin. Joanek Victor uztean, hiruren bizitzek bira handi bat hartuko dute.

Le Tableau volé, Pascal Bonitzerrek zuzendua, artea eta klase-desberdintasunak ardatz dituen Frantziako komedia dramatikoa da. Andre Masson Scottie’s enkante-etxeko enkantegileak gutun bat jaso du: Mulhousen, langile gazte baten etxean, Egon Schieleren koadro bat aurkitu dutela diote. Oso eszeptikoa izan arren, aurrez aurre topatzen du 1939tik desagertuta egon den maisulana, naziek lapurtua.

Bi filmek, bakoitzak bere tonua eta erritmoa duela, galdera bera uzten dute airean: zerk du benetako balioa, eta nola erabakitzen dugu hori? Trois Amies filmean harremanak dira aztergai, sentimenduen egiazkotasuna eta autoengainua, hitzaren eta isilunearen arteko esparruan eraikita. Le Tableau volé-n, aldiz, objektu artistiko baten balio ekonomikoak eta sinbolikoak talka egiten dute, eta klase-arrakalak agerian utzi. Bietan, ordea, pertsonaiek beren jarrera erosoak zalantzan jarri behar dituzte, eta hor dago bien indargunea: komediaren arintasunetik eta elkarrizketen sakontasunetik abiatuta, tentsio-eremuetara eramaten gaituzte. Agian horregatik funtzionatzen dute hain ondo doministiku artean ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.