EKOGRAFIAK

'Hitz(not)okei'

Gaizka Izagirre
2023ko irailaren 06a
00:00
Entzun
«Hitzokei-k ez du jarraituko», Urtzi Urkizuk BERRIAn argitaratu zuen albistearen lerroburua. «ETBk ez du tankerako saiorik egingo». Aurretik, ordu tarte horietan, Azpimarra eta Ahoz aho saioak izan genituen. Ahoz Aho-n hiru urtez kolaboratzeko ohorea izan nuen, eta Ilaski Serranok eta lantaldeak egunero egiten zuten lan ikaragarriaren lekuko izan nintzen.Urte politak izan ziren, asko ikasi eta gozatu bainuen. Hiru saio horiek euskal kulturari egin dioten ekarpena miresgarria iruditzen zait. Sortzaile euskaldunok beti jakin izan dugu ETB1en tarte bat genuela hor guretzat gordea: izan liburu bat aurkezteko, diskoa, antzezlana... Guztiak gero eta bizkorragoa eta efimeroagoa izan behar omen duen garaiotan, Serranok eta Urko Aristik justu aurkakoa lehenesten zuten: eduki landuak eta patxadaz, eta sakontasunez egindako elkarrizketak; elkarrizketatuentzat oparia zen hori.

«Badakigu telebista nolakoa den, aldian-aldian batzuk direlako interesak eta lehentasunak», gehitu zuen Aristik; alegia, audientzia eta dirua. Saio baten etorkizuna bermatu dezakeen irizpide bakarra audientzia bada, errentagarritasuna, aztertu dezagun katearen garapen historiko orokorra. Azken 20 urteotako daturik onena 2003. urtean izan zuen ETB1ek (% 6,2ko kuota). Urte horretatik gaur arte, urtero-urtero jaitsiz joan dira, eta 2015-2016 tartean inoizko txarrenak izan zituen, %1,9 hain zuzen ere. Datu hori apurka hobetzen joan diren arren —2021ean %2,2—, 2003ko eta hortik atzerako datuetatik oso urrun kokatzen dira. Badakit, egungo plataforma digitalen inbasio basatiarekin lehia askoz ere bortitzagoa dela, baina, uste dut, lehen ataletako datuak kaskarrak izan arren, saio baten biziraupena eta arrakasta bermatzeko denbora jakin bat eman behar zaiola. Hortxe duzue Biba Zuek-en adibidea; saioak urtez urte geroz eta sendoago jarraitzen du. Datuek laguntzen diotelako ala alderantziz izan da? ETB1ek pazientzia izan zuen hasieran, saioarekin lantaldeari ganoraz lan egiten utzi zaio, egonkortzen joan da, eta horrekin batera audientzia bereganatu du? Gogoratzen duzue Fermin Etxegoienek eta Mikel Pagadik aurkezten zuten Autentikoak? Lortu nahi ziren datuak eman ez zituenez, saioa kendu zuten. Zenbatekoa izan zen eman zitzaion aukera? Bi hilabete eta zazpi atal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.