Hautsak harrotzera etorri da hainbeste itxaron dugun Euphoria telesailaren hirugarren denboraldia. Lau urte igaro ondoren, gure etxeko pantailetan astean atal bat ikusteko aukera izango dugu, zortzi astez jarraian.
Lehen bi atalak jada ikusgai daude HBO Max plataforman, eta iritziak, espero bezala, gazi-gozoak dira. Izan ere, telesailaren sortzaile eta zuzendari Sam Levinsonek aldaketa nabarmena egin du tonuari eta kontakizunari dagokienez.
Euphoria-k Rue (Zendaya) izeneko gazte baten bizitza du ardatz. Mendekotasunarekin eta nerabezaroaren erronkekin borrokan ari den bitartean, maitasuna, adiskidetasuna eta identitatea bezalako gaietan murgiltzen da. Aldi berean, telesailak institutu bereko ikasle talde baten egunerokoari ere jarraitzen dio, drogen kontsumoa, sexua, identitatea, trauma, sare sozialen eragina eta harreman pertsonalak ardatz hartuta.
Hirugarren denboraldian, pertsonaien bizitzetan bi urte igaro dira, eta, institutuko gazte errebeldeen istorioetatik harago, heldutasunera bidean dauden gazteak erakusten dizkigu. Aldaketa hori zer esana ematen ari da, eta ikusleen artean eztabaida piztu du.
Alde batetik, ezin da ukatu telesailaren estetika berezia eta ikus-entzunezko mailan egindako lana. Hasieratik izan da ezaugarri nagusietako bat, eta oraingoan ere irudi indartsu eta erakargarrien bidez erakartzen du ikuslea.
Hala ere, hirugarren denboraldia askoren ustez orain arteko ahulena da. Rotten Tomatoes plataforman %45eko balorazioa lortu du; aurreko denboraldiekin alderatuta beherakada handia da hori, lehenengoak %80 lortu baitzuen, eta bigarrenak %78. Kritikariek diote narrazioa nahasiagoa eta bizkorragoa bihurtu dela, eta pertsonaia askok ez dutela behar bezainbesteko sakontasunik edo koherentziarik erakusten; horren ondorioz, batzuek «hondamendi erabatekoa» dela ere esan dute.
Nire iritziz ere, gidoiak zalantzak sortzen ditu: lehen bi atalek emakumeen sexualizazioarekin eta esplotazioarekin gehiegi jokatzen dute, eta horrek arrisku sentsazioa eragiten du.
Kritikak gorabehera, Zendayaren interpretazioak goraipamen ugari jaso ditu, eta askok «itxaropen izpi» gisa ikusten dute etsipen orokortuaren erdian. Ikusteko dago, beraz, hurrengo asteetan nola garatuko den denboraldia.