Sare sozialen hazkundea mantsotzen ari da,azken ikerketen arabera. Horren kontra, jendea berehalako mezularitzara joaten (bueltatzen) ari da. Whatsapp bezalako tresnak edota pribatutasun gehigarriak dituztenak (Telegram eta Snapchat) gero eta erabiliagoak dira.
Inor gutxik jarriko du zalantzan, sakelakotik kontsumoa nagusitzen ari dela. Sarbide kopurua jada %50 inguru kokatzen da Facebooken eta Twitterren; erabilera denborak, aldiz, nabarmen egin du gora gailu mugikorretan: %86 eta %68 da hurrenez hurren.
Ez da gertatzen ari den fenomeno bakarra; pribatutasuna kontuan hartzen duten tresnez gain, bere anai bikiak ere jaio dira. Horiek, identitate digitala babestea baino gehiago, anonimotasuna dute oinarri. Ezezagunen artean edo erdi ezagunen artean, baina benetako identitatea ezagutzera eman behar gabe gauzak esateko balio dute.
Whispher.sh da aplikazio ezagunenetako bat. Bertan, era anonimo batean, bakoitzak dituen sentimendu, iruzkin... nahi duena, alegia, bota dezake. Horiek bozkatu eta sailka daitezke, baita webgune baten bidez ikusi ere.
Secret.ly, aldiz, antzekoa izanik ere, ezberdina da. Antzeko mezuak partekatzen dira, kontaktu talde ezagun batekin, baina haien identitate zehatza jakin gabe. Zure ingurukoen iritzia eska dezakezu, baina beraiek anonimotasunetik erantzungo dute. Hori ere Android eta iOS sistema eragileentzat.
Bukatzeko, gure inguruan, batez ere Bilbo inguruan eta unibertsitate giroan zabaltzen ari den Yodel aplikazioa dugu. Mezua bota eta kilometro batzuetan dauden ingurukoen beste mezuak ikusiko dituzu, bozkatu eta komentatu ahal izateko. Horrek ere anonimotasuna mantentzen du; nolabait, aspaldiko unibertsitateko egunkarietako arbel basati horren oinordekoa da. Irakasleak eta klasekideak iraindu, festetarako deiak egin, hausnarketa sakonen bat... orain sakelako aplikazio bihurtuta.
Gure jendartearen harremanen konplexutasuna erakusten duten aplikazioak. Badirudi batzuetan hitz egin nahi dugun pertsonekin komunikazioaren pribatutasuna dela garrantzitsuena. Beste batzuetan, aldiz, anonimotasunean gorderik, gure ingurukoei gure izen-abizenekin esango ez genizkien gauzak adierazteko beharra hobesten dugu; horrelakoak gara!

IRLEN SAREA
Horrelakoak gara!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu