Aurreko astean podcast geltokian geratu nintzen, eta honetan, berriz, oroimenarenera bidaiatu nahi dut Naiz irratiaren eta Aranzadi elkartearen Oroimen Historikoa-ren lantaldearen eskutik. Maria Laespada Lazpita historialariak gidatzen du irratsaioa eta, astelehenero, ia ordubetez Euskal Herriko memorian murgiltzeko aukera ematen digu. Gura dugunean, nahieran entzungai dugu, esatariak astero gogoratzen duenez, ohiko podcast plataformetan.
Apirilean abiatu zen saioa, 36ko gerrak erbesteratzera behartu zituen umeen esperientzien kontakizunekin, eta gaia jorratzeko Euskal Herriko Ahotsak proiektuan jasotako testigantzak eskaini zituen. Saio gehienetan, aldiz, gonbidatu batzuekin solasaldia eginez aurkezten dizkigu gure historia hurbileko une historikoak edo testuinguru zehatz batean sorturiko herri borrokak. Esan bezala, batzuetan erreportaje moduan; beste batzuetan, adituekin edo lehenengo pertsonan bizi izan zutenen ahotsetan, gerora erregistratuta geratzen diren zuzeneko elkarrizketetan.
Saio bakoitzeko bigarren atalean, berriz, izen propioak dakarzkigu Laespadak. Batzuk, ezagunak; beste asko, ordea, maiuskulaz idaztitako Historiaren bazterrean ezkutatzen diren herritarrak, testuliburuetan ahaztutako pertsona arrunt berezi horiek, inolako pretentsiorik gabe gertaeren jarioan eragin zutenak. Ez da harritzekoa, beraz, tarte honetara hurbildu dituen biografiak emakumeenak izatea. Eskertzekoa, benetan, emandako ikusgaitasuna.
Saioa borobiltzeko, Javier Buces eta Nerea Perez historialariak eta Peli Lekuona kazetaria txandaka datoz saiora, eguneko garaiari erpin ezberdinetatik begiratzera. Bereziki gustatzen zait hemerotekaren errepasoa, uste baitut, garaiko kronikari horiek orduko gaurkotasuna azaltzen zutenean etorkizuneko historia idazten ari zirela. Egunerokotasuneko kronikariarena bezain garrantzitsua da historiaren idazlearen begirada, eta Maria Laespadarena, feminista ere bada, eta hori nabaritzen da. Emakumeok ez dugu Historia idatzi, baina berridatzi ahal dugu, ikusezin nahi izan gaituen kontakizunaren gainean.
Aurrekoak entzuteko arrazoi nahikoak ez balira, atzean dagoen ikerketa eta dokumentazio lanari lokuzio eta errealizazio bikainak gehitu behar dizkiogu.