Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Ibai ertzean

2024ko apirilaren 2a
05:00
Entzun

Ez naiz thriller eskandinaviarrera askotan gerturatu. Egia da nordic noir deritzona mundu oparoa dela; liburu, film eta telesail asko ekoizten dira iparraldeko lurralde horietan eta, hilketa eta desagerpenez jositako tramek kitzika eragiteaz gain, soilik bertakoa izan daitekeen lengoaia bat garatu dute. Genero horretaz gozatzeko ohitura handirik ez duenak arraro xamar har dezakeen lengoaia bat da; elkarrizketa gutxiago dituena, emozioak gordeago mantentzen dituena, sarritan uler ezin ditzakegun erreakzioak dituzten pertsonaiek gidatua. Baina ariketa polita izaten da tarteka AEBetan, Erresuma Batuan eta Espainian ekoizten diren lanetatik burua altxa eta beste errealitate batzuk arakatzea; beste gizarte batzuek sortzen dituzten fikziozko artefaktuek zein tankera duten ikustea, munduak handia eta orotarikoa izaten jarraitzen duela ziurtatzeko.

Azken egunotan 2023ko telesail suediar bat ikusi dut: Händelser vid vatten, edo, gaztelerara itzuli duten moduan, Ocurrió a orillas del río. 1970eko hamarkadan ibai baten ondoan gertatutako hilketa bikoitz baten ikerketan oinarritzen da, bertatik 1990eko hamarkadara —telesailaren orainaldia— jauziak eginez. Polizia-trama komunitate hippy bateko gorabeherekin nahasten da; alderdi horrek abagunea ematen dio telesailari egungo gizarte kapitalistaren inguruko hausnarketa eta kritika zenbait egiteko. Ezin saihestu komunitatearen trama horretan oraintsu argitaratutako La Mesías espainiarraren zantzuak ikustea: lider ilunak, ustezko zorion harmoniatsu bat, balioak ezbaian.

Nonbait irakurri dut nordic noir-aren zale direnentzat genero hau jada dekadentzian dagoela, akitze sintoma batzuk ageri dituela bere azkeneko ekoizpenetan. Pertsonaien moldeak, tramen korapiloak eta aurkezten diren egoerak antzekoak direla beti. Ez dakit Händelser vid vatten-en kasua ere halakoa izango den ala ez; horretarako beste hainbat telesail eskandinaviar ikusi beharko nituzke. Egia da, agian, ikerketak badituela aurrez asma daitezkeen trama aldaketa batzuk, eta amaiera, niri behintzat, apur bat ahula egin zaidala. Baina esperientziak merezi duela uste dut; horrexegatik gomendioa. Filmin plataforman topatu ahal izango duzue, nordic noir generoko beste hamaika lanekin batera. Maratoia egiten hasi beharko dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.