gaizka izagirre
Ekografiak

Identitate hautsia

2026ko uztailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amatasunari eta bikote harremanei eskaini die arreta Lilja Ingolfsdottir zinemagile norvegiarrak bere lehen film boteretsuan: Elskling. Narratibaren erdigunean emakumearen esperientzia jarrita, zineman maiz albo batera uzten diren hainbat alderdi azaleratzen ditu; besteak beste, ama izatearen eta, aldi berean, lan bizitzarekin uztartzearen erronkak.

Prologo zoragarri baten ostean, istorioak zazpi urteko jauzia egiten du eta orainaldian kokatzen gaitu Mariaren (Helga Guren) bizitzan: seme-alabak zaintzearen eta ibilbide profesionalari eustearen zama bikoitza aspalditik bizkar gainean daraman adin ertaineko emakumearena. Eguneroko errutina horrek, itxuraz egonkorra, baina barnean gero eta hauskorragoa, bere existentzia osoa baldintzatzen du. Bere bigarren senarrak, Sigmundek (Oddgeir Thune), lanagatik sarritan bidaiatzen du, eta ia ez da seme-alaben zaintzaz arduratzen. Egun batean, eztabaida bizia piztuko da bien artean, eta Sigmundek dibortzioa eskatuko dio.

Eszena hori eredu zahar eta errotuaren isla da, egunerokoan normaltasunaren mozorroarekin agertzen dena. Betiko patriarkatuaren eragina alegia.

Dibortzio mehatxuak katalizatzaile gisa funtzionatzen du: Mariak alde batera utzi dituen bere alderdiak aurrez aurre jartzera eta bere bizitza nola bizi nahi duen berriro baloratzera bultzatzen du, ezarritako edo bere gain hartutako roletatik harago. Ez da soilik haustura bati buruzko istorioa, baizik eta berreraikitze pertsonal bati buruzkoa.

Maria gizarteak ama/emakume batengandik espero duenarekin —beti presente egotea, eraginkorra izatea, familiari eustea eta zaintza lanak bere gain hartzea— eta bere behar, amets eta mugekin harrapatuta bizi da. Filmak kritika argia egiten dio emakumeei dena egiteko ezartzen zaien presioari.

Aktoreen lana bikaina da, bereziki Helga Gurenena; antzezpen txalogarria eskaintzen du.

Apaingarririk gabeko drama da; erraietakoa, zehatza, lehorra eta zuzena. Eszenaratzea soila da, baina oso ondo kalkulatua, istorioak berak eskatzen duen isiltasun eta tentsio mailari erantzunez, emozioei espazio osoa emanez.

Emozionalki biluzia eta zorrotz idatzia da Lilja Ingolfsdottir zuzendariaren debuta, oso sendoa; hunkitzeaz gain, ikuslea hausnarketara gonbidatzen duen lan bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA