Aspaldidanik nuen gaurko filmez idazteko desira, baina aurreko asteazkenera arte ez nuen Los Domingos ikusteko aukerarik izan. Ordutik, irudiek eta galderek barrua hartu didate. Hautsak harrotu dituzten bi lan dira Maspalomas eta Los Domingos: elkarren ondoan jarrita, isilpean gorde izan diren gaiak agerian uzten dituztenak. Sexualitatearen eta erlijioaren arteko kontraesan sakonak arakatu, eta askotan izendatu ere egiten ez diren galderak mahai gainean jarri dituzte. Obra ausartak eta beharrezkoak.
Maspalomas-en, Moriartitarrek Vicenteren istorio intimoa kontatzen dute, gorputza eta memoria erdigunean jartzen dituen kontakizunean. Adineko gizon homosexuala da Vicente, eta iktus baten ondoren, Kanarietatik Euskal Herrira itzultzera behartua dago. Zaharren egoitzak berriro armairura itzultzera eramaten du: berriz ere nor den ezkutatzera.
Los Domingos-ek, berriz, beste norabide batetik heltzen dio gaiari. Alauda Ruiz de Azuaren filmak Ainararen bidaia espirituala du ardatz, baina batez ere, fedeak familiaren barruan sortzen duen talkaren erretratua eskaintzen du. Nerabe baten barne-sinesteak eta ingurukoen beldurrak aurrez aurre jartzen dira, Ainarak Jainkoak deitu duela sentitzen duen unetik aurrera. Filmak fedearen ondorioak aztertzen ditu, gorputzetan eta harremanetan nola txertatzen den erakutsiz.
Bi filmak espazio berean daude, tonu eta testuinguru desberdinetatik abiatu arren: norberaren identitatea bizitzeko modua baldintzatzen duten egitura moral eta sozialena. Bata desira ukatuarazten duen isiltasunaz ari da; bestea, sinesmenak sortzen duen ziurtasunaz. Bien artean, galdera bera: zer prezio du norberak bere burua zintzotasunez bizitzeak?
Dakizunez, izendapenez eta sariz betetako filmak dira biak, eta oraindik gehiago iritsiko zaizkie. Maspalomas zineman galdu baduzu, Filminen, Primeran-en eta Movistar Plusen ikusgai dago; Los Domingos, berriz, oraindik  ikus daiteke zinema areto batzuetan. Bat aukeratu beharko banu, Maspalomas aukeratuko nuke: euskaraz egindako lana izateak gertutasuna ematen dio, eta pozgarria da urteetan etxeko telebistan lagun izan ditugun aktoreak halako film batean ikustea. Umorez, emozioz eta sentsibilitate handiz eraikitako obra ederra.Â