Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Ihesbiderik ez

2026ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreko asteburuan idazle baten elkarrizketa bat entzun nuen irratian, bere azken lanaren inguruan hitz egiten zuten esatariak eta berak. Dena ondo. Bi astean idatzitako liburu batez ari zirela esan zutenean, berriz, arreta zorroztu zitzaidan. Adimen artifiziala erabilita idatzi zuen, antza. Hortik egun gutxira irakurri nuen ETB2ko Vaya Semanita saioko esketx bat egiteko ere erabili zutela, eta ez zen lehenengo aldia komunikabide publikoak edukia sortzeko erabiltzen zuena. Astebete lehenago, audio operatzaile bati galdetu nion ea hondoan zegoen zarata horrek ez zuen grabaketa izorratzen, eta hark ere ditxosozko adimen artifiziala aipatu zidan soinu artxiboak hobetzeko. Eta, hori gutxi balitz bezala, semeak komentatu zidan programa inteligente bat erabiltzen zuela ikasi beharreko apunteak bi ahotsetan egindako podcast bihurtzeko. Sokorri!!

Laster hasiko da ikasturteko bigarren lauhilekoa, eta horrekin batera irrati eskoletara itzuliko naiz. Beraz, pentsatu nuen etsai moduan ikusi beharrean, adimen artifizialak zabaltzen dituen aukeretara batzea, eta trasteatzen hasi nintzen. Lehenik, ikasgelan erabili ohi dugun audio editorean beharreko osagarria gehitu nuen, eta artxiboen soinua hobetzeko aukerak probatu ere bai. Bikain. Hala ere, arrakasta bermatzeko, jatorrian ondo grabatzea da oraindik ere hautu onena, ez dut zalantzarik. 

Uste banuen ere ahots irakurle eta imitatzaileak bereziki ingelesez edo gaztelaniaz trebatuta daudela, eta euskaraz aukera murritzak direla, horretan ere nahikotxo aurreratu dela ikusi ahal izan dut. Beraz, hurrengo pausoa izan da adimen artifizialarekin egindako podcast bat topatzea, eta lortu nuen, Beñat Erezumaren Zero eta Bat topatu bainuen. Duela hiru urte argitaratu bazituen ere, lauzpabost minutu irauten duten lau atalak entzungai daude, eta ziur nago jakin barik ez dela erraza antzematea ez duela esatari batek irakurri. 

Ezin da ukatu adimen artifiziala, lehenago beste teknologiak  bezala, ohiko errutinetan txertatzen ari direla, eta, arriskuak ukatu gabe, sortzeko bide berriak zabaltzen dituela, baita nekagarriak diren lan batzuk arintzen ere. Orain arte beldur eta zuhurtzia joera izan badut ere, eta txipa aldatzea kostatzen zaidan arren, joko zelai berri horretan jolasteko bidea irekiko dut irrati irakaskuntzan. Emaitzak ekainean ikusiko dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA