Daitort. Nik ere egin nizkien noizbehinka etxeko lanak semeei; emaitzak diktatu, ahal zen azkarren buka eta lehentasunezko beste ekitaldi batzuk egiteko denbora izan zezaten. Ez zen ohikoa, baina zenbaitetan zaila zen irakasleen agenda eta gurasoena bateratzea, edo txikien lan jarduna eta familia bizitza kontziliatzea, hainbatetan zortzi ordutik gorakoa baitzen. Eskolaz kanpoko zereginak eskatu, bai ala ez?, hori da Mikel Garcia Idiakezek mahaigaineratu zuen lehenengo gaia urtarrilean Argia-n abiatu zuen Etxerako lanak podcastean.
Dagoeneko hamaika atal argitaratu dira, eta astez aste beste gai interesgarri batzuen inguruan gogoeta egitera gonbidatu gaitu, horretarako hezkuntzan adituak eta arituak diren pertsona askoren laguntzarekin. Besteak beste, ikasturtea errepikatzeak dakarren (gurasoen) porrot sentsazioa, kiroltasuna eskola lehiaketetan, umeek gorputzarekiko duten harremana, guraso ipurterreak, urtebetetzeek ematen dituzten buruhausteak…, eta oso gutxitan tratatzen den gai bat: irakasleen nekea eta ezinegona egoera batzuen aurrean, baita zaintzailea zaintzeko beharra ere. Bederatzigarren atalean hitz egiten dute horretaz, eta, inguruan ditudan hezkuntzako profesionalak ikusita, ez da arinki hartzeko kezka.
Esan bezala, ahots eta azentu ugari entzuten dira podcastean; horien artean ikasle fina den Eiderrena, atal bakoitzean tratatzen den gaiaren inguruan testuingurua eta datuak ematen dituena. Mikelek arbelera ateratzeko eskatzen dio, eta horrek pentsarazi dit unibertsitatean ere ikasleek ez dutela batere gustuko ikasgela osoaren aurrean ateratzea dakitena azaltzera. Beharbada ez legoke batere gaizki horren inguruan gogoeta egitea, askok eskolako oroimen txarren kutxan gordetzen baitute besteen aurrean agerian jartze hori.
Ez da entzuten den ume bakarra, aurkezleak dioen bezala «umeak entzun behar direlako». Guraso batzuek ere kontatzen dituzte beren esperientziak seme-alaben eskolaratzearen inguruan. Eta nire semeena urruti geratzen den arren, oso identifikatuta sentitu naiz egoera batzuekin. Nire ustez, hamar minutuan oso ondo kokatzen da gai bakoitza, eta benetan pentsatzen dut hezkuntza baliabide egokia dela, gako asko ematen baitituzte horretaz gehiago dakitenek.