Ikasturte amaierara heldu gara dagoeneko, eta ez soilik unibertsitatean. Uda usaina dakarren ekainarekin batera, iritsi zaigu beste ikasketa-ziklo bat ixteko garaia, eta ikasitakoa erakustekoa. Esaterako, Pasaiako Udalak antolaturiko Jabekuntza Eskolaren baitan izandako Emakumeen Ahotsak Uhinetan tailerreko ikasleek nahi izan dute azken zortzi hilabeteetan ikasitakoa aurkeztu, eta horretarako Errenteriako Zintzilik irratia aukeratu dute. Maiatzaren 26an, Sabor Feminista izeneko irratsaioa uhineratu zuten; Kontxi Lopez Soriaren gidaritzapean, ikastaroan parte hartu zuten emakumeek gastronomiaz hitz egin zuten genero ikuspegitik eta beraiek landutako testuetan oinarrituta.
Iazko urrian hasitako ikasketa-prozesu baten emaitza izan da irratsaioa, baita ahalduntze ibilbide baten fruitua ere. Izan ere, irratia erabili dute Pasaiako emakumeen ahotsak eta iritziak plazaratzeko tresna gisa, beste komunikabide batzuetan ematen ez dieten lekua eskaintzeko asmoz, baita lankidetza-sareak sortzeko helburuz.
Bilbo Zaharra euskaltegian, berriz, ikasturte-itxieran berriz ere, eta badoaz hamazortzi edizio, irakurketa jarraitua egin dute ostegunean, eta Guau plataformaren bidez zuzenean entzuteko aukera izan dugu. Laurehun pertsonak parte hartu dute Bizenta Mogelen Ipuin Onak liburuaren irakurketa publikoan. Denetariko ahotsek eraman gaituzte idazle markinarraren obran zehar. Beharbada, ekitaldi kolektibo honetan parte hartu dutenek ez dute ahalduntze prozesurik behar izan, baina entzuketa polifoniko honek badu euskaldunak saretzeko indarra, bakoitza bere azentu eta doinueraz.
Ikasturte-amaiera honetan ikasle batek aitortu zidan irratia gustuko duela, baina ez duela bere burua mikroaren aurrean ikusten, ikasgelako beste batzuekin konparatuta euskara txarra duelako. Aurreratu behar dut ez dela egia; gainera, ahots polita du, alaia, irratirako ezin aproposagoa. Segur aski, ikasgaiaren edukiak lantzeko zereginei dagokienez, ez dut jakin teknika baino garrantzitsuagoa den norberarengan sinisteak dakarren segurtasuna transmititzen. Beraz, hori zintzilik geratu zait ikasturte berriari begira. Orain, berriz, poliki-poliki, udako aurikularrak jantzi eta hondartzan entzuteko saioak ekartzea tokatzen da, laster goizeko ilaren eta istripuen ondoan tokia hartuko baitute hondartzetako banderek eta eguraldiak.