gaizka izagirre
'Ekografiak'

Ikusezina ikusgai

2025eko urriaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxean zaude eta, kozinatzeko gogorik ez duzunez, janaria eskatu duzu aplikazio ezagun horietako baten bidez. Handik minutu gutxira iritsi da atera banatzailea, janaria eskuan duela. Mugikorreko pantaila sakatu eta bat-batean etxeko atarira eskaria iristearen keinua hain ohikoa bihurtu da, ziurrenik ez baikara jabetzen horren atzean dagoen guztiaz.

Rider deiturikoak nonahi eta ordu oro dabiltza gure kaleak zeharkatzen. Banatzaile horiek bizikletan, furgonetan edo motoan ibiltzen dira, eskaerak etxez etxe eramaten. Autoak eta semaforoak saihesten ikusten ditugu, minutu bakoitza garrantzitsua baita haientzat. Hainbat ikerketaren arabera, migratzaileak dira gehiengoa sektorean eta langileek askotan hamasei ordurainoko lanaldiak egiten dituzte.

Banatzaile horien egoera hain da gogorra, bidegabea eta korapilatsua, egoera salatzeko helburuz gaiak ikus-entzunezkoetara jauzi egin baitu. Horren adibide berriki heldu den L'histoire de Souleymane.

Boris Lojkinek zuzendutako drama errealista bat da, eta ia denbora errealean azaltzen du Souleymane Parisen bizi den gazte etorkin ginear gaztearen bizitza. Rider moduan egiten du lan, janaria banatzen du bizikletan, OFPRArekin (Iheslariak eta Aberrigabeak Babesteko Frantziako Bulegoa) asiloa eskatzeko elkarrizketa erabakigarri baterako prestatzen den bitartean.

Kamerak hurbiletik eta etengabeko mugimenduan jarraitzen dio Abou Sangarek antzezten duen protagonistari. Muntaketa lan arinak eta argazki naturalistak protagonistaren errutina nekagarrian murgiltzen dute ikuslea; ikuspegi horrek errealismo sentsazioa indartzen du. Estilo dokumentaletik oso gertu kokatzen den eszenaratzea du.

Abou Sangare aktore nagusiaren lana aipagarria da: elkarrizketak badituen arren, keinu txikien bidez eraikitzen du bere pertsonaia. Ikusleak bere begietan galdu eta amets zapuztuen zama sentitzen du. Hasiberria da antzezpen munduan, baina etorkin gisa izandako benetako esperientziak benetakotasun-geruza gehigarri bat eransten dio pertsonaiari.

Europako migratzaileen errealitate ikusezinei buruzko gogoeta zintzoa da. Narratiba intimo eta interpretazio hunkigarri baten bidez, filmak egoera zailetan bizitza duin baten alde borrokatzen direnen konplexutasuna eta gizatasuna transmititzea lortzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.