Arantza Gutierrez Paz.
'Ekografiak'

Ikusezinak

2025eko ekainaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Etxetik Leioako campusera oinez joaten hasi naiz eguraldiak eta irakaskuntzaren ordutegi zehatzik gabeko jardunaldiak uzten didatenean, eta, nola ez, kaskoak jarrita abiatzen naiz goizeroko freskoak lagunduta (hau idazten ari naizenean sargoria sartuta daukat), irratia entzuteko aukera ezin hobea baita txangoa.

Astelehenean, Faktoria entzuten ari nintzela, aniztasun funtzionala duten eta ez duten ikaskideek osaturiko lagun talde baten inguruko erreportajea entzun nuen. Gipuzkoako Goierriko ikastetxe batean sorturiko eskola-ekitaldi moduan jaiotako egitasmoa bazen ere, 17 et 21 urte arteko gazte protagonisten hitzetan, elkar ezagutzeko aukera izateaz gainera, espazioak eta aisialdi-guneak partekatzeko parada izan zuten, eta, azken finean, ez direla hain ezberdinak konturatzeko ere bai. Bakuntza aisialdia elkarteak bultzatzen duen ekimen horrek, gainera, ahalbidetu zuen desgaitasuna duten gazteek guraso eta begiraleen zaintzatik ihes egin zezaten. Eta beren ahotsetan entzun izan nituen testigantzak. Ekitaldi xumea, azaldu zuen irrati-esatariak, baina batzuetan horiek dira mundua leku hobe bihurtzen laguntzen dutenak.

Erreportajeak, berriz, jakin-minez utzi ninduen eta neure buruari galdetu nion ea zenbat irratsaio edo podcastetan diren protagonistak desgaitasuna duten pertsonak, edo, hobeto esanda, zeinetan haiek duten paper protagonista, eta ez diren mintzagai edo informazioaren objektu. Ez dut esango euskaraz bat ere ez dagoenik; bai, ordea, ez dudala topatu amaraunean egin dudan bilaketan. Espainiako irrati publikoan Simon Marco desgaitasun intelektuala duen gazteak gidatzen duen Planeta Fácil izenekoa existitzen da eta Radio Francen, berriz, Les Empêchés izenekoa, baina kasu honetan, buru-nahasmena duten pertsonek ere parte hartzen dute, eta ez soilik aniztasun funtzionala dutenek; gainera, protagonismo mugatua dute. Bere aldetik, Radio Vitoriako Los Invisibles izeneko atalak ONCEren saria jaso zuen iaz itsutasuna duen Lady Aldanaren kolaborazioarekin eskainitako edukiengatik.

Irratietan ikasturtea amaitzear dagoen honetan, unibertsitatean bezala, bada egitasmo berriei ekiteko unea. Eta uste dut ez dela ideia txarra gure kapazitismotik munduari begiratzen diogunoi ikusezin zaigun errealitatea azaltzea, baina ez alteritate edo bestetasunaren belarriekin entzun dezagun, inklusioarenekin aditu dezagun baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.