Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Ikusten ikasi

2015eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Atzera begiratuz gero, badirudi Grey's Anatomy-ren aurreneko hiru denboraldiak pleistozenoaren parte direla. Hortxe zuten telesaila amaitzeko momentu egokia, aurrerantzean zentzugabekeria narratiboaren testigu baino ez baitira izan ikusleak. Sonda Rhimesen sorkuntzari ezin hobeto datorkio hamaika ikustekoak esaera. Izan ere, asteon, hamaikagarren denboraldiaren amaiera heltzear dagoela erabaki dute protagonistetako bat hiltzea. Mundu osoan gerra deklarazio formalik egin gabe AEBetako droneek egunero akabatzen dituzten pertsonen heriotzek ez dute horrenbesterako shock-ik eragiten Obamaren herrialdean. Baina fikziozko pertsonaia bat hil eta, aizu, metadrama eraikitzen duzu! Drama pantailan eta telebistatik kanpo. Fenomeno gogaikarria, zinez.

Fresko daukat, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian ikusi ditugun filmen artean jorratu delako droneen gaia. Aretoan egunero sartutako orduen ondoren, otu zait telebistarako materiala beharko luketela pelikula horiek. Ez soilik zenbaitek kontsumitzeko material bereziak. Normaltasunez tratatzeko, La noche de... saioak egin diezaieke tartea, apirilaren hasieran egin zutena ez errepikatzeko konpromisoa hartzen badute behintzat. Kristen Stewarten zazpi akatsen zerrenda lotsagarriki matxista eta iraingarria egin zuten. Tartean, 25 urtekoa, neska-lagun desleiala, aktore txarra, itsusia, traketsa, janzteko estilorik gabekoa eta arrunta dela esan zuten.

Ikusitakoa digeritzen ikasi behar da; heziketak berebiziko garrantzia du. Hizkuntzan adituak direnek ikus-entzunezkoei lengoaiarik aitortzen ez badiete ere, argi dago zenbait kode ezagutzea oinarrizkoa dela barneratze egokirako. Chomsky, Ramonet, Sontag eta Lipovetskyk lan interesgarriak dituzte gaiaren inguruan. Routledge argitaletxeak mediarekin lotutako hainbat lan mamitsu ditu. Eta pertsonaiekin enpatia sortzearen gainean hausnartu nahi dutenentzat, Colin Radford eta Michael Westonek How Can We Be Moved by the Fate of Anna Karenina? idatzia (Nola hunki gaitzake Anna Kareninaren patuak?) baliagarria suerta dakieke. Hala ere, lorategi horietan sartu aurretik, derrigorrezko hezkuntzan ikasi beharko litzatekeen arlo bat da. Derrigorrezkoa izan beharko lukeena, betiere, 3.0 etorkizuna gainera badatorkigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.