Filmin plataforman All We Imagine as Light proposamen indiarra lurreratu berri da, eta, sarien denboraldia amaitu den arren (Oscarrak, Urrezko Globoak), film horren inguruan Indian piztu diren jarrera matxistei buruz aritu nahiko nuke gaurkoan.
Kontakizuna Mumbain dago girotuta. Prabha erizainaren errutina korapilatu egingo da senarraren ezusteko opari bat jasotzen duenean. Prabharen gelakide gaztea –Anu– alferrik ahalegintzen da hirian mutil-lagunarekin bakarka egoteko leku bat aurkitzen. Kostaldeko herri batera bidaiatuko dute, eta hor izango dute aukera euren desioak azaleratzeko.
Kritikari eta ikusle askoren laudorioak jaso dituen arren, filma ez zen Oscar sarietako ingelesez besteko filmik onenarenhautatuen artean egon; Indiak ez zuen aukeratu Oscar sarietan ordezkatzeko. Haren ordez Laapataa Ladies aukeratu zuten.
Berdin dio AEBetako eta Europako kritikarien artean hogei saritik gora eskuratu izana, Payal Kapadia zuzendariak Cannesko Epaimahaiaren Sari Nagusia lortzea eta Sight & Sound aldizkari entzutetsuak urteko filmik onena aukeratu izana, Indiako zinema industriak aukeraketa horretatik at utzi zuen. Film horren aurkaririk bortitzena bertako industria bera izan da. Epaimahaiari (ze kasualitatea, hamahiru gizonez osatua) «teknikoki pobrea den film europarra» iruditu omen zitzaion. Erabaki horri kirats misogino eta matxista dario. Hori gutxi ez eta, mundu mailan arrakasta itzela lortu duen arren, Indian banatzeko zailtasunak izan ditu, eta ez dute apenas bertako zinema aretoetan eman.
Bistakoa da argudio hori eskasa eta ganoragabea dela; izan ere, benetan filmak jorratzen duen gaiak eta eskaintzen duen ikuspegiak sumindu ditu. Indian nagusi den patriarkatuaren eta misoginiaren isla nabarmena da.
Istorioaren bi protagonistak ekonomikoki independenteak diren emakumeak dira: teoria feministekin bat egiten dute, eta bakarrik bizi dira, baina, hala ere, tradizioen pisuaren mende daude. Zuzendariak maitasuna eta adiskidetasuna erabiltzen ditu Indiako gizartea markatzen duten genero, klase eta erlijio desberdintasunekin lotutako tentsioak eta erronkak aztertzeko.
Indian —eta antzeko ezaugarriak dituzten herrialdeetan— arau sozialei aurre egiten dieten obrak egiten diren bakoitzean, honelako erabaki susmagarriak hartzen dira.