Sara Azurza
'Ekografiak'

Industry 2.0

2026ko martxoaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den abenduan telesail honi buruzko zutabe bat idatzi nuen; Industry telesailaz, alegia. Oroitzapen horiek berreskuratu eta gutxira, 2026ko urtarrilean laugarren denboraldia estreinatu zuten. Beraz, borobila ixteko, laugarren denboraldia ikusi ondoren telesailak utzi didan inpresioari buruz idazteko une egokia iruditu zait.

Industry 2020an estreinatu zenean, HBOren historian gutxien ikusitako telesailetako bat izan zen. Baina ondorengo denboraldietan tamainan eta anbizioan hazten joan da, eta gaur egun, laugarren denboraldira iritsita, inoiz baino dotoreagoa eta indartsuagoa da.

Kontatu nuen bezala, telesailak unibertsitatetik atera berri ziren gazte talde batean jartzen zuen fokua: denak Londresko Pierpoint & Co bankuan lan egiten zutenak. Lana, presioa eta lehia dira ardatza, baina baita haien arteko laguntasuna, erokeriak eta harremanak ere. Duela gutxi esan zidaten, konparazio bat egitekotan, Euphoria eta Succession telesailen arteko erdibideko zerbait zela. Eta hala da.

Hirugarren denboralditik aurrera, nabari da telesailak hazteko egin duen apustua. Atalak gero eta gutxiago kokatzen dira gazte horien arteko harremanetan, eta gero eta gehiago finantza munduko gatazketan. Pertsonaiak gaztetasunetik heldutasunera igaro dira. Euphoria-tik Succession-era egiten du bidea, eta hala baieztatzen du laugarren denboraldiak.

Azken denboraldiko trama konspiratibo-finantzarioaren epizentroan Max Minghella agertzen da, The Handmaid’s Tale telesailagatik ezaguna. Nolabait esateko, oraindik Industry-n agertu gabe zegoen Industry-ko aktorerik industrytarrena. Minghellak Tender enpresaren sortzaile eta nagusi estatubatuarra interpretatzen du: zerbait ezkutatzen duen gizona. Whitney Halberstram antzezten du, pertsonaia enigmatikoa, arraroa, hotza eta maskaraz betea.

Hala ere, dotoretasun eta indar horretan hasierako kutsutik zerbaiten falta sumatu dut. Telesaila inoiz baino handiagoa, sofistikatuagoa eta anbiziotsuagoa bihurtu da, baina bidean zerbait utzi du atzean: gazte batzuk banku bateko mahaietan lekua irabazten saiatzen ikustearen gordintasuna. Edonola ere, ondo garatu da telesaila, eta gomendagarria dela esango dut berriz ere. Finantza-tramak eta konspirazioak gustatzen bazaizkizu, Industry zuretzat egina dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA