Sara Azurza
'Ekografiak'

'Industry'

2025eko abenduaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ongi etorri finantzen mundu ilunera, non traizioa txalotu eta jazarpena normaltzat jotzen den. Industry telesaila dut gaur hizpide, HBOn ikus dezakezun altxor ezkutu horietakoa. Fikzio basati eta erakargarri horrek unibertsitatetik atera berri diren gazte talde bati jarraitzen dio, Londreseko Pierpoint & Co. finantza-banku ospetsuaren graduatuen programan sartzen diren unetik. Han, lanpostu bakar baten truke lehiatzen dira, lan-munduaren gose-jokoak agerian utziz.

Arrakastaren prezioa, boterearen dinamikak eta gazte profesionalen zaurgarritasuna eguneroko borrokan nola azaltzen diren erakusten du telesailak; ikustea, aldi berean, deserosoa eta hipnotikoa da. Succession edo Mad Men telesailen ukituak antzeman daitezke, baina oraingoan gazteak dira protagonista, Skins estiloko energia basatiarekin nahastuta.

Mickey Down eta Konrad Kay gidoilariek idatzia, telesailak ia ezezagunak diren gazte aktoreak ditu ardatz. Haien aurrean, nagusiek beti arrazoia izatera ohitutako belaunaldi bat ageri da: garai oparoagoen errentetan bizi izandakoak, eta menpekoekin tratu berdinzalerik ez ezagutzen —ezta errespetatzen ere— dituztenak. Gazteek, euren anbizioa alde batera utzi gabe, lan-ingurunea beste modu batean hobeto eraiki daitekeela erakutsi nahi dute.

Harper pertsonaia da telesailaren giltzarrietako bat: Myha’la Herroldek antzeztu duen emakume estatubatuar arrazializatua, heziketa ez guztiz azaldua izan arren, bere talentu eta adimenarekin egitura zaharrari aurre egiteko gai dena. Haren bidez Oxfordeko Unibertsitatetik datozenen eta eskola publikotik etorritakoen arteko desberdintasunak, multinazional handietan bizirik dagoen matxismoa eta abizen ezagunen pribilegioen aurrean egunez egun bere balioa frogatu behar duten gazteen frustrazioa transmititzen dira.

Morala eta enpresa-etika zalantzagarriak dira egunero Pierpoint & Co. fikziozko enpresan nagusi, baina fikzioak ez du estaltzen gaur egungo banku eta inbertsio-etxe boteretsu askorekin dituen antzekotasun nabarmenak. Eta, egia esan, gazte moduan, ezinezkoa da pertsonaien borrokarekin eta haien zaurgarritasunarekin ez identifikatzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.