Donostiako Zinemalditik igaro eta zinema aretoetan estreinatu ostean, gaur iritsi da Netflix plataformara Agustín Díaz Yanes zinegile espainiarren Un fantasma en la batalla; gure pantailetan, berriro ere, poliziaren justifikazioa eta infiltrazioen erromantizazioa.
Arantxa Etxeberriaren La Infiltrada filmarekin alderatuz, Un fantasma en la batalla-k itxura zuzenxeagoa du, thriller kutsua landuagoa dago eta oro har txukunagoa da, baina funtsean berdina izaten jarraitzen du: pertsonaia lauak eta arketipikoak, azpitrama barregarriak eta euskal gatazkaren irudikapen erabat desorekatua.
Susana Abaitua da protagonista. Amaia izeneko guardia zibil bat hezurmamitzen du, ETA barruan agente ezkutu gisa sartzen dena. Iraia Eliasek, aldiz, ETAko kide bat gorpuzten du: ikastola bateko zuzendaria da, eta bertan erakunderako kide berriak hautatzeko aprobetxatzen du —hitzak soberan—. Gainerako pertsonaiek La Infiltrada-ren sakontasun berbera dute: gatazkaren alde batean daudenak lotsagabeak, gaiztoak eta matxistak dira; guardia zibilak, aldiz, heroiak. Pertsonaiek apenas duten ñabardurarik, gidoi mekaniko baten peoi gisa funtzionatzen dute.
Kontraesan moraletan edo oinarri politikoan sakontzeko leihoa itxita, klixeen errepikapenean kateatuta geratzen da narrazioa. Eta ustez serioak diren elkarrizketek, komedia inboluntarioaren eremura lerratzen dute istorioa.
Bestalde, euskal gatazkara egiten den hurbilketa traketsa eta manikeoa da: kontaketak sinpletu egiten du dentsitate ikaragarriko testuinguru historiko eta soziala, karikaturazko atze-oihal bihurtzeraino. Tarteka, benetako irudiak txertatzen dira, tonuari eta testuinguruari arnasa emateko; ondo funtzionatzen duten arren, interesgarritzat jotakoa baino ez da erakusten. «Intxaurrondoko torturak aipatzen dira», esango dute batzuek. Aipatu, bai, baina filmak irauten duen 105 minutuetan esaldi bakarra eskaintzen zaio gaiari, anekdota huts baten modura; ados egongo zarete gai horrek tarte zabalagoa merezi zuela, ezta?
Un fantasma en la batalla zinema serioz janzten da, baina geruza formal horren azpian betiko istorio hutsal eta erridikulua aurkitzen da. Lander Garrok esan zuen moduan, «txiste txar bat, historia hain latza eta grabea ez balitz barregura eragingo ligukeena».