Sara Azurza
'Ekografiak'

'Innie' edo 'outie'?

2025eko azaroaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Imajinatzen duzu egunean zortzi orduz memoria galtzea? Hori da Severance telesail paregabearen abiapuntua, bi nortasunen arteko hausturan oinarritzen den istorio hipnotikoa. Nork du gure bizitzaren kontrola: lanean diharduenak ala lanetik kanpo bizi denak?

Lumon enpresak garunean ezartzen den txip iraultzaile baten inguruan eraikitzen du bere unibertsoa. Langilea bulegora iristen denean, txipa aktibatzen da, eta une horretatik aurrera, kanpoko bizitzako oroitzapen guztiak ezabatzen dira: familia, lagunak, bizipen pertsonalak… guztia. Behin lanera sartuta, langileak bere laneko nortasuna soilik mantentzen du —innie—, eta haren mundua bulegoetako pareten artean bakarrik existitzen da. Goizeko bederatzietan igogailuaren ateak irekitzearekin batera piztu, eta bostetan ateak berriz itxi orduko itzali, bere kanpoko nortasunera —outie— itzulita. Severance izenak berak, lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko bereizketa adierazten du.

Telesaila Mark S. (Adam Scott) protagonistarekin hasten da, bere departamentuko arduradun izendatzen dutenean. Aurreko arduraduna enpresatik desagertu ondoren, Markek Helly R. (Britt Lower) langile berria gidatuko du bere lehen egunetan, makrodatuen departamentu misteriotsuan. Baina berehala ohartuko dira zerbait ez dabilela ondo: kanpora mezurik bidaltzea debekatuta dago, eta dimisioa aurkezteko eskubidea soilik outie-ak du. Egoera horrek gero eta zalantza handiagoetan murgiltzen ditu makrodatuen arloko langileak, eta euren errealitatearen benetakotasuna kolokan jarri.

Severance telesailak kritikaren eta ikusleen aitorpen zabala jaso du, sari ugari pilatu ditu azken urteotan, eta arrakasta hori ez da kasualitatea: bere estetika zainduagatik, narratiba originalagatik eta identitatearen, lanaren eta askatasunaren arteko mugak aztertzeko duen ausardiagatik nabarmendu da.

Ez da lanaren inguruko distopia soil bat; gizakiaren identitatearen muinari buruzko hausnarketa zorrotz bat da. Zerk definitzen gaitu, gure oroitzapenek ala gure eguneroko ohiturek? Eta lanaren munduan hain sarri aipatzen den oreka pertsonala... existitzen al da benetan? Apple TV Plus plataforman ikusgai dago, eta telesailen artean zerbait berezia eta desberdina bilatzen baduzu, hau da zure aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.