Sara Azurza
Ekografiak

Inperfektuak

2026ko uztailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru lagun, hildako bat eta pertsonaia dirudunak dira Apple TV plataformaren Imperfect Women telesail berriak batzen dituen osagai nagusiak. Elisabeth Moss protagonista duen thriller psikologiko berria da.

Nancy (Kate Mara), Eleanor (Kerry Washington) eta Mary (Elisabeth Moss) lagun minak dira. Bakoitza familia-egitura eta estatus ekonomiko oso desberdinetik dator: batek elite ekonomikoan aurkitu du bere lekua, bestea pribilegioen erdian hazi da, eta hirugarrena erdiko klaseko ama da, bere ibilbide profesionala albo batera utzi zuena familia zaintzeko. Haien bizitzek ez dute ezaugarri komun askorik, baina laguntasunak lotzen ditu. Edo hori uste dute, behintzat.

Telesaila Maryren urtebetetze-afariarekin hasten da. Hiru lagunak ospatzeko elkartzen dira, baina hurrengo goizean Nancy hilik agertzen da. Nork hil du? Eta, batez ere, zenbat sekretu ezkutatzen zizkioten benetan elkarri? Galdera horien inguruan eraikitzen da istorio osoa.

Entretenigarria da, bai, baina erailketa baino interesgarriagoa egin zait emakumeen arteko adiskidetasunari buruz planteatzen duen hausnarketa. Zenbat espero diogu benetan lagun bati? Non amaitzen da konfiantza, eta non hasten da dependentzia edo toxikotasuna? Telesailak idealizatutako laguntasunen irudia apurtzen du, eta gogorarazten du harreman estuenetan ere inbidia, botere-harremanak, gezurrak eta epaiak sar daitezkeela.

Elisabeth Moss da, zalantzarik gabe, telesailaren arima. Maryren barruko amorrua, frustrazioa eta zaurgarritasuna ñabardura handiz eraikitzen ditu, eta bere interpretazioagatik bakarrik ere merezi du ikustea. Kerry Washingtonek eta Kate Marak ere hirukote sendoa osatzen dute.

Gidoiari dagokionez, misterioaren garapena zenbaitetan aurreikusgarria egiten da, thriller klasikoen bide ezagunetatik gehiegi aldendu gabe, eta horrek ezustekoaren indarra apur bat ahultzen du. Hala ere, entretenigarria izaten jarraitzen du.

Big Little Lies gustuko izan bazenuen, seguruenik Imperfect Women ere gustatuko zaizu: emakumeen arteko harremanak, sekretuak, traizioak eta gertakizun tragiko bat. Formula ez da berria, baina oraindik ere badaki ikuslea pantailari itsatsita mantentzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA