Udako etenaldi txiki honen ostean, bueltan gara Sara Azurza eta biok. Aste hauetan ikusitako telesail onenen zerrenda irailean egin ohi dut, eta tradizio hori hautsiko ez dudan arren, lehen aste honetan gehien gustatu zaizkidan bi telesailetan soilik sakonduko dut. Gaurko zutabean, Furious (Disney+) izango dut hizpide.
Premisa irakurri ostean, ohiko thriller polizial baten aurrean zaudetela pentsatuko duzue: FBIko agente bat serieko hiltzaile baten atzetik, biak emakumeak. Baina Furious ez da ehiztariaren eta harrapakinaren arteko ohiko joko horretan geratzen. Beste begirada bat proposatzen du.
Alice Black da protagonista —Emmy Rossum bikainak antzeztua—, hainbat hilketa ikertzen ari den agentea. Ikerketak Catherine izeneko emakume batengana eramango du. Baina, apurka-apurka, krimenaren arrastoak lausotu eta beste zerbait agertzen da azpian. Ikerketa poliziala narrazioaren erdigunetik aldendu eta emakumeen aurkako indarkerian murgiltzen da, gizon boteretsuen inpunitatean eta traumaren aurrean erakundeek erakusten duten ezintasunean.
Furious-ek gizon aberats eta boteretsuen mundua erakusten du: sexu-esplotazioko sareak, beste aldera begiratzen duten erakundeak eta diruak eta harremanek babesten dituztenen aurrean ahotsa galtzen duten biktimak. Telesailaren benetako mamia ez da hiltzailea, haren atzean dagoen mundua baizik.
Hiltzailea ez da soilik harrapatu beharreko norbait, indarkeriazko sistema baten ondorioa da. Catherine ez dute heroi gisa aurkezten, baina telesailak haren amorruaren jatorria ulertzera behartzen gaitu. Horixe da, ziurrenik, Furious-en apustu moralik ausartena: justizia bere esku hartzea erabaki duen emakume batengana hurbiltzera behartzen gaitu, haren ekintzak onartu gabe haren mina ulertzeko.
Baina Furious thriller feminista batera mugatzea bidegabea litzateke. Bere indargune handienetako bat da ideiek ez dituztela pertsonaiak itotzen. Alice eta Catherineren arteko gatazka ez da soilik poliziaren eta hiltzailearen artekoa; bi emakumeren arteko talka da, biak indarkeriak markatuak, baina justizia ulertzeko modu guztiz desberdinekin. Zer gertatzen da biktimak babestu behar dituzten erakundeek sinesgarritasuna galtzen dutenean?
Thriller kriminal sendoa, probokatzailea eta deserosoa.
Â