Sara Azurza
Ekografiak

Ira Sachs

2026ko uztailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zinema queerra, sexu desiraren konplexutasuna eta harremanen ñabardurak gustatzen bazaizkizu, uda honetan plan ederra duzu Tabakaleran. Larunbat honetan hasiko da Ira Sachs zinemagile estatubatuarrari eskainitako atzera begirakoa, bere filmografia ia osoa pantaila handian berriz ezagutzeko aukera emango duen zikloa.

Uztailaren 4an, gainera, Sachs bera Donostian izango da zikloari hasiera emateko. Peter Hujar’s Day filma aurkeztuko du (2025), eta proiekzioaren ondoren solasaldi batean parte hartuko du. 1987an hiesaren ondorioz hil zen Peter Hujar argazkilariari eskainitako film intimoa da, eta aukera aparta izango da zuzendaria gertutik ezagutzeko eta bere zinemaren inguruan harekin zuzenean hitz egiteko.

Uztailean eta abuztuan zehar, larunbatero, bere film garrantzitsuenetako batzuk ikusi ahal izango dira. Horien artean dago Passages (2023), desirari, maitasunari eta botere harremanei buruzko film zirraragarria; Frankie (2019), familia loturen, heriotzaren eta agurraren inguruko drama sentikorra, Isabelle Huppert protagonista duena; eta Little Men (2016), helduen gatazkek baldintzatutako bi neraberen adiskidetasunaren kontakizuna.

Abuztuan, berriz, Sachsen lehenagoko lanetara egingo du jauzi zikloak. Love Is Strange (2014) maitasun helduari eta bizitzaren hauskortasunari buruzko gogoeta ederra da; Keep the Lights On (2012), Berlinaleko Teddy sariduna, mendekotasunak eta zaurgarritasun emozionalak markatutako harreman baten erretratu zintzoa; Married Life (2007), umore beltza eta drama uztartzen dituen lana; eta Forty Shades of Blue (2005), bakardadeaz, desiraz eta identitatearen bilaketaz hitz egiten duen filma.

Atzera begirakoari The Delta filmak emango dio amaiera (1996), Sachsen lehen film luzeak. Bertan, erruduntasunak eta norbera izateko ezintasunak markatutako protagonistaren bidez, gero bere zinemaren ezaugarri bihurtuko ziren gai nagusiak ageri dira.

Sachsen filmek ez dute erantzun errazik eskaintzen; pertsonaiak epaitu beharrean, ulertzen saiatzen dira. Horregatik, bere istorioak nekez ahazten dira. Uda honetan ez galdu, beraz, egile garaikide interesgarrienetako baten filmografia pantaila handian ezagutzeko aukera. Hitzordua duzu Tabakalerako zinema aretoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA