Duela 42 urte, 1984ko apirilaren 22an, hiru haur abandonatuta agertu ziren Bartzelonako tren geltoki batean. Ez zekiten azaltzen nor ziren, nortzuk ziren haien gurasoak, ezta zergatik zeuden han ere. Bartzelonako bi irakaslek adoptatu zituzten, eta, ordutik, bizitza zoriontsua izan dute. Baina 40 urte geroago beren jatorria ezagutu nahi dute: nortzuk ziren gurasoak eta zergatik abandonatu zituzten.
Abandonados, Carlos Alonso Ojeak zuzendutako eta Carles Portaren kasu batean oinarritutako dokumental saila da. Lau ataletan banatutako kontakizuna hiru anai-arreben lekukotzen bidez eraikitzen da, haien bilaketa pertsonala ikerketa hunkigarri eta misteriotsu bihurtuz.
Telesailak thriller, ikerketa eta misterioaren kodeak erabiltzen ditu, baina ez du errudunak aurkitzea helburu, galdutako memoria bat berreraikitzea baizik.. Horrek kontakizuna esperientzia sakonki gizatiar bihurtzen du, non aurkikuntza bakoitzak edozein errebelazio ikusgarri edo sentsazionalistak baino indar emozional handiagoa duen.
Sentiberatasun handiz egindako lana da, suspensea eta intimitatea modu orekatuan uztartzen dituelako, ikuslea etengabeko jakin-minaren eta protagonistek bizi duten zaurgarritasunaren artean kokatuz. Narrazioa pisten eta testigantzen bidez garatzen bada ere, haurtzaroko trauma baten arrastoak ulertu nahian dabiltzan pertsona errealen istorio bat da.
Lanaren gai nagusia identitatea da. Nor gara gure jatorria ezagutzen ez dugunean? Zer esan nahi du familiak? Eta zenbateraino baldintzatzen du iraganak gure oraina? Galdera horiek dira, azken batean, ikerketaren benetako motorra.
Telesailak Carles Portaren zigilua badu ere, esanguratsua da ikerketa aurreratuta dagoenean soilik agertzea bera. Porta eta haren taldea ez dira istorioaren erdigune bihurtzen; anai-arrebek hasitako bilaketan lagundu eta hura bideratu baino ez dute egiten.
Baliteke kasua zertxobait laburrago kontatu ahal izatea, zenbaitetan ikerketaren adar batzuk errepikakor samarrak egiten baitira. Baina aurkezten den misterioa hain da zirraragarria eta harrigarria, ezen ezinezkoa baita interesa galtzea.
Abandonados argitu gabeko kasu bati buruzko dokumentala baino askoz gehiago da. Abandonuari, oroimenari eta norberaren jatorria ezagutzeko beharrari buruzko gogoeta sentikor eta zorrotza da.