Sara Azurza
Ekografiak

Iraganeko bizitzak

2026ko uztailaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela bi aste, unibertsitate garaiko lagun-taldea elkartu ginen urte askoren ondoren. Mahai baten bueltan, elkarrekin igarotako oroitzapenei tiraka hasi ginen. Orduan, lagun batek honako hau esan zuen: «Pertsona batzuk bizi egiten ditugu; beste batzuk, ordea, amestu». Isiltasuna nagusitu zen une batez, eta nik berehala pentsatu nuen gaur gomendatu nahi dizuedan filmean: Past Lives.

2023ko urtarrilaren 21ean estreinatu zuten Sundanceko zinema jaialdian, eta urteko film txalotuenetako bat bihurtu zen. Celine Songek zuzenduta, pieza hau gertatu izan zitekeenaren inguruko hausnarketa delikatu eta hunkigarria da; maitasunari, denborari eta bizitzak hartzen dituen bideei buruzko film sentibera. Bihotza estutzen dizuten horietakoa.

Protagonistak Hae Sung eta Nora dira, haurtzaroan banandu ezinak izan ziren bi lagun. Egun batean, ordea, Noraren familiak Kanadara emigratu behar izaten du, eta bien bideak banandu egiten dira. Harremanari eusten saiatzen badira ere, denborarekin elkar galtzen dute. Hogeita lau urte geroago, Hae Sung New Yorkera joango da Nora bisitatzera.

Bere bizipen autobiografikoetan oinarrituta, Songek badaki filmaren benetako indarra ez dagoela berriz elkartzean bakarrik, bien arteko hutsune horretan baizik. Elkarri buruz ezer jakin gabe igarotako urteek ematen diote pisua azken topaketari. Haurtzaroko lotura afektiboak amets eta anbizioek estali ahal izan zituztenean ere, zerbaitek bizirik dirau bien artean.

Gainera, filma ez da topikoetan erortzen. Ez du iraganeko maitasuna bat-batean berpizten, ezta maitasun-triangelu klasiko bat eraikitzen ere. Pertsonaia bakoitzak bere bidea egin du, eta filmak hori errespetatzen du. Horregatik da hain ederra eta hain tristea aldi berean.

Badakigu bizitzan aurrera egin ahala pertsonak eta harremanak etorri eta joan egiten direla. Batzuekin bidea egiten dugu; beste batzuk, berriz, atzean geratzen dira. Past Lives-ek ez du nostalgia hutsean geratu nahi. Aitzitik, izan zitekeenari lekua egiten dio, oraina ukatu gabe. Azken batean, denok egin diogu noizbait geure buruari galdera bera: zer izango ote zen beste bide hura hartu izan bagenu? Agian, urte askoren buruan, mahai baten bueltan berriz elkartzean, amestutakoak ere gure mahaira itzuliko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA