Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Irakurtzeko plazer hori

2023ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Bretainiako Becherel herria bisitatu berri dut. Liburuen hiria deitzen dute, eta liburuak milaka topatu ditut bertan. Gurean liburu dendak hiltzear dauden negozioak direla ematen duen bitartean, harriduraz eta inbidiaz (daitort) ikusi dut latitude hauetan liburu-saltokiak edonon topatzen ditugula, bai azken berritasunak zein bigarren eskukoak saltzen dituztenak, baita kalean ere. Irakurle amorratua naiz, eta paradisuan sentitu naiz. Ale asko daramatzat souvenir gisa.

Irakurtzea bizitzaren plazer handitzat jotzendugunok askotan ez dakigu nola transmititu hori gure seme-alabei edo ikasleei. Bada, ordea, topatu ditut horretarako gaitasun berezia dutenak: Maialen Kortajarena eta Ane Astiazaran. Itzultzaileak izateaz gain, irakasleak ere badira, eta irakurle sutsuak... Hortik abiatuta Uluka podcasta egiten hasi ziren, 2023ko martxotik Naiz irratian igandero eskaini dutena.

Esan dut irakasleak ere badirela, eta haiek ere kezka izan dute ikasleak nola erakarri irakurketara... Eta irratsaioa entzunda, esango nuke material didaktiko gisa erabili beharko luketela Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko literatur eskoletan. Eta ez da oso formula zaila erabiltzen dutena: irakurritako liburu baten inguruan solasaldi informala egiten dute biek, eta batzuetan hortik abiatuta, beste gai batzuen inguruan ere ari dira, liburuetan tratatzen diren horietaz hain zuzen ere. Diskurtso akademikotik ihes eginez, gazteekin konektatzeko gaitasuna dute, nahiz eta publiko guztiontzako irratsaioa egiten duten.

Mimo handiz, labetik ateratako liburu baten edo dagoeneko ibilbidea izan duenaren inguruan mintzo dira, baita idatzi duenaz ere; eta ez dute zertan bat etorri promozioan dauden azkenekoekin; kontrara, bestseller direnetik ihes egiten dutelakoan nago. Tarteka, liburuaren paragrafoak irakurtzen dituzte, jatorrizko hizkuntzan...

Genero ezberdinetakoak, gehienak emakumeek idatzitakoak, saioz saio, kontuan hartzeko gomendioak dira, eta beti entzuteko modukoak. Beraz, udaren amaierarekin batera, presak, denbora eza edo betarik hartzeko ez izanak irakurketa baztertzera bultzatzen gaituen arren, har ditzagun Maialenek eta Anek gomendatutakoak eta bila dezagun udazkeneko beroa, orriak edo pantailak zabalik... Eta egon adi ea denboraldi berrianere uluka datozen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.