Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Irrati Berri On!

2025eko abenduaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argitaratu berri den entzuleriari buruzko CIES ikerketa txostenaren arabera, EITBko irratietako eta Naiz irratiko entzuleen kopuruak nabarmen gora egin du agurtuko dugun 2025. urte honetan. Datu zehatzetatik harago, badirudi —iragarritakoaren aurka— pantailek telebistari lekua kentzen dioten bitartean, irratiak publiko fidela izaten jarraitzen duela, baita gazteen artean ere, azken horiek podcast moduan kontsumitzea nahiago badute ere.

Izan ere, podcast formatua da arrakastaren arrazoietako bat. Azterketa batzuen arabera, espainiar zein frantziar estatuetan ia entzuleen erdiek aditzen dute podcasten bat; hori bai, lehenengoan pertsona bakoitzak astean hamar ordu inguru entzuten badu ere, Frantziako ikerketek denbora hori erdira jaisten dute. Gustuak ere aldatzen dira batetik bestera, baina esan dezakegu umorezko eta kulturari buruzko saioek oso harrera ona dutela bietan, eta estatu mailan egindako analisien emaitzak gurera badakartzagu, krimenen kontakizunak nahiago genituzke Hego Euskal Herrian, eta aktualitateari buruzkoak, berriz, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherean.

Egia esan, zaila da jakitea zein den euskal podcasten entzuleria eta beren kontsumo joera nagusiak zein diren, baina azpimarratu nahiko nuke badagoela eskaintza zabal bat, EITBk eskainitako plataformatik harago, hark duen lokomotor funtzioa ukaezina bada ere. Gainera, gero eta ekoizpen eta errealizazio hobea duten produkzioak daude entzungai, mota ezberdinetako elkarte edo erakundeek, komunikazio taldeek edo independenteek eskainitakoak. Era berean, formatuak berak ekarri du sormen eta esperimentazio ahalmena, eguneroko mikrofonoetaratzeak exijituriko presetatik aske, eta nahierako atalen eskaintza batean oinarrituta. Teknologiaren garapenak ere lagundu du kalitate handiko ekoizpenak erraztuz eta merkatuz.

Hala ere, eta podcastak irratiari eman dion indarra ezbaian jarri barik, azpimarratu nahi dut fake-news, clickbait eta adimen artifizialak sorturiko gezurrezko edukien garai honetan pertsonen ahotsak duen ahalmena gugana heltzeko edonon, edozer egiten ari garela, hurbileko eta bero. Beraz, aste honetan agurtuko dugun urte honetan bezalaxe, espero dut 2026ak ere irrati eta podcast une asko ekar diezazkigun. Nik hemendik horietako asko partekatzea espero dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.