Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Irri egin, arren

2026ko martxoaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dira garai onak lirikarako. Ez. Eguneroko albisteek erakusten duten mundu egoerak gogoa ematen digu planeta geldi dadin eskatu eta jaisteko. Beraz, une ilun hauetan eskertzen da umorerako tartea eskaintzen duen irratsaio bat. Hori da Naiz irratian urtarriletik ostegun arratsaldeetan egiten duten Punpairez saioak egiten duen oparia. Ez da gutxi.

Xabier Euzkitzek pilota partidetan erabilitako hitz bat omen da saioari izenburua ematen diona. Bertsolari eta komunikatzaile hori bera azaldu zen bosgarren atalean, baita umore ona duela agerian utzi ere, txutxu-mutxu eta guzti. Antonio Iriartek zuzentzen du saioa, eta Maria Blancok aurkezten du, harekin edota Xabin Fernandezekin batera; tarteka Patxi kolaboratzailea ere agertzen da, kontrapuntua emanez.

Publikoa gonbidatzen dute saiora, bai estudioan egiten dutenean bai oholtza gainean antzezten dutenean ere. Izan ere, hori da saio honen berezitasun aipagarria, estudiotik atera eta antzokiratu baita, Iruñean, Ordizian eta Zestoan besteak beste. Late night formatua duten antzezpen horietan, solasaldi dinamiko eta entretenigarriari zuzeneko musika gehitzen zaio, June Gabarain eta Xabi Olanoren eskutik, baita gonbidatu eta esatarien ahotik ere. Eta, hain zuzen ere, musikaren falta sumatu dut irrati estudioan, Euzkitzeren atalean izan ezik, non gonbidatua kantu-kontari egon zen.

Zuzenean entzun ezin duenak badu aukera irratiaren webgunean zein Youtuben aditu eta ikusteko, hori baita beste ezaugarri bat, bideopodcast moduan ere eskaintzen baita, eta batzuetan nabaria da kamera aurrean ahaztu egiten zaiela entzule soilak direnak ere badaudela, erreferentzia bisualak ez dituztenak. Barkatzeko modukoa da, oso tarte ona pasarazten baitigute, eta hori ez da gutxi.

Entzun dudan azken atalean Ane Elordi Korrikaren koordinatzailearekin solastatzen direla aprobetxatuta, azpimarratu egin nahi dut euskal irratietan lasterketari ematen zaion zuzeneko estaldura, baita edizio honetan Euskal Irratiek izan duten protagonismoa ere, haien eskuetan izan baita testigua hasierako kilometroan. Gogoratu, bestalde, aurreko 23 edizioetako historia ezagutzeko podcasta entzungai dagoela Korrikaren webgunean. Eta, zer esan, hamaika egun hauetan euskaldunok baditugu optimismorako arrazoiak, baita inperialismoaren biktimekin elkartasuna adierazteko uneak ere. Pesimismoak ez gaitu garaituko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!