The Worst Person in the World lanaren arrakastaren ondoren, Joachim Trier zinemagilea Sentimental Value lanarekin itzuli zen iaz; familia-harremanen konplexutasunean eta arteak adiskidetzeko duen boterean sakontzen duen filma da. Jaialdi ugaritan parte hartu eta sari ugari irabazi ostean, Filmin plataformara iritsi da.
Joachim Trierrek metanarrazioa erabiltzen du Noraren (Renate Reinsve) istorioa kontatzeko; ama galdu ondoren, Gustav aitarekin, gainbeheran dagoen zuzendaria, dituen gatazkak kudeatu behar dituen aktorea da. Gustavek bere harremana eta ibilbidea sendotu nahian, hurrengo filmeko protagonista izatea eskaintzen dio, baina Norak ezezkoa emango dio.
Renate Reinsvek antzezpen lan neurritsua eta sakona eskaintzen du, bere pertsonaiaren barne-borroka modu fin eta sinesgarrian harrapatuz eta aitarekiko maitasunaren eta independentzia beharraren arteko tentsio etengabea islatuz. Stellan Skarsgardek, Gustaven azalean, harrokeria eta zaurgarritasuna modu naturalean nahasten ditu, artearen bidez erredentzioa bilatzen duen gizon konplexua irudikatuz. Elle Fanningen agerpenak, aldiz, nahiz eta laburra izan, narrazioari freskotasun eta dinamismo berezia ematen dio.
Kontakizuna, batez ere, familiaren etxean garatzen da, non horma eta gela bakoitzak oroitzapen zaharrak eta zauri emozional ez-osasuntsuak gordetzen dituen. Etxea, bere presentzian eta isiltasunean, protagonisten emozioak eta barne-gatazkak islatzen dituen beste pertsonaia bihurtzen da, eta istorioaren korapiloak modu bisual eta sentikorrean nabarmentzen laguntzen du.
Filmaren tonua neurritsua eta oso sotila da; elkarrizketak zainduak eta zehatz-mehatz landuak daude, eta pertsonaien zauriak eta minak ez dira hitzetan agertzen, isiltasunetan baizik. Eszenaratzea azken milimetroraino zaindua dago, argi, kolore eta espazioaren erabileraren bidez.
Baina perfekzio horren barruan jaiotzen da niri pertsonalki gutxien iritsi zaidan alorra: emozionala. Ez pertsonaiek bizitako eta sufritutako minak, baizik eta ikuslearen bihotzera heltzen ez direnak. Guztia oso hotz, oso urrun, sentitu dut.
Gorabeherak hor daude, baina oso lana interesgarria eta ederra da, familia-harremanei, ondare artistikoari eta erredentzio-bilaketari buruzko hausnarketa delikatua eta iradokitzailea.
Â