Sara Azurza
'Ekografiak'

Isiltasunetik, ausardiaz

2026ko otsailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nik bezala telesail britaniarrak maite dituzuenoi eskaini nahi dizuet gaurko zutabea, Filminen aurkitu dudan altxor txiki bat gomendatzeko aitzakiarekin. Entretenigarria da, bai; baina, batez ere, ausarta eta desberdina. Ohiko polizia etxe bateko giro ezagun horretan kokatzen bada ere, ez du detektibe karismatiko bat erdigunean jartzen, ezpain-irakurle gor bat baizik.

Code of Silence (2025) sei ataleko Erresuma Batuko krimen-thrillerra da. Canterbury hirian girotua dago, eta Alison Woods (Rose Ayling-Ellis) du protagonista: emakume gor bat, eta polizia etxe bateko kafetegian lan egiten du, bere gaitasunak gutxietsita ia ikusezin bihurtuta. Hala ere, larrialdi egoera batek dena aldatuko du.

James Marsh inspektoreak (Andrew Buchan) zuzentzen duen detektibe taldeak Woods ikerketa batean txertatzea erabakiko du, ezpain-irakurle gisa duen trebetasunaz baliatzeko. Poliziak lapurreta bat egiteko asmoa duen talde kriminal arriskutsu bat harrapatu nahi du, eta, horretarako, Woodsen gaitasuna giltzarri izango da.

Ashleigh Francis sarjentu detektibearekin (Charlotte Ritchie) batera, susmagarriak biltzen diren taberna batera joango da lehen egunetan. Une horretatik aurrera, protagonistak helburu argi bat izango du; izan ere, inoiz baino hobeto eta baliagarriago sentituko da.

Telesailaren indargune nagusia Rose Ayling-Ellisen interpretazioa da. Haren presentziak eta isiltasunaren erabilerak indar berezia ematen diote istorioari; kamerak, askotan haren aurpegian pausatu, eta buruan duena hitzik gabe argi eta garbi adierazten duela erakusten du.

Egia da argumentua tarteka sinesgaitz edo naif samarra gertatu daitekeela; baina, oro har, pertsona gorrek pairatu beharreko errealitateetara eramaten gaituela esango nuke. Telesailak errekurtso desberdinak erabiltzen ditu horretarako: hitzak pantailan agerrarazten ditu, murmurio deserosoak azpimarratzen, eta soinu-isiltasunen arteko kontrastea baliatzen du ikuslea beste pertzepzio-eremu batera eramateko.

Horrez gain, ez da lapurreta baten ikerketa hutsa. Argi erakusten ditu pertsona gorrek gaur egungo gizartean aurrera egiteko dituzten zailtasunak: lan-harremanak, aukera galduak eta bizi beharreko oztopoak erakusten dira. Entzun edo ikusi nahi ez denaz hitz egiten du, isiltasunetik, ausardiaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA