gaizka izagirre
Ekografiak

Itolarri emozionala

2026ko uztailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urteotan, amatasunaren irudikapen berriak agertzen hasi dira pantailan. Nightbitch, Mother!, Die My LoveSalve María eta halako filmek esperientzia erraietakoa, kontraesankorra eta deserosoa erakusten dute, samurtasun klixeetatik urrun. If I Had Legs I'd Kick You joera horren barruan kokatzen da. Zinema aretoetatik igaro ostean, ikusgai dago jada plataformetan.

Rose Byrne protagonista duen filmak amatasunaren erretratu gordina eta ezohikoa erakusten du. Komedia ilunaren eta errealismo gordinaren artean mugitzen den drama horrek Linda du ardatz: emozionalki lehertzear dagoen emakume bat, egunerokoaren zamak erabat gainezka eginarazi diona.

Lindaren bizitza desegiten ari da pixkanaka. Alabaren zaintzak —gaixotasun misteriotsu batek baldintzatua—, senarraren urruntasunak, bizitzeko gero eta jasanezinagoa den etxeak, pertsona baten desagerpenak eta terapeutarekin duen harreman korapilatsuak itolarri etengabe batean murgiltzen dute. Testuinguru horretan, Rose Byrnek muturreko presiopean bizi den amatasunaren erretratu latz eta sinesgarria osatzen du.

Mary Bronsteinek atmosfera klaustrofobikoa eta atsedenik ematen ez duen erritmoa baliatzen ditu ikuslea Lindaren egoera emozionalean murgiltzeko. Kamera etengabe hurbiltzen zaio protagonistari, haren tentsioa, antsietatea eta akidura ia fisikoki sentiarazteraino. Lindaren alaba, berriz, planotik kanpo dago une oro; haren ahotsa entzuten dugu, baina presentzia ia erabat ikusezina da. Erabaki formal horrek absentziaren eta kargaren arteko paradoxa indartzen du. Soinu diseinuak eta enkoadraketa itogarriek deserosotasun sentsazio iraunkorra sortzen dute.

Zuzendariak, gainera, Lindaren barne pertzepzioa islatzen duen kontakizun subjektiboa eraikitzen du, elementu surrealistak eta sinbolo bisualak txertatuz —sabaiko zuloa, esaterako—. Irudi horren bidez, protagonistaren hondoratze emozionala eta bizitzaren zama eramateko duen ezintasuna gorpuzten dira.

If I Had Legs I'd Kick You desafiatzailea eta deserosoa da. Ez du erantzun errazik eskaintzen, ezta kontsolamendurik ere. Horren ordez, filtrorik gabe erakusten du bere buruari eutsi ezinik dabilen emakume baten gainbehera, amatasunaren alde ilun, nekagarri eta askotan isilarazia lehen planora ekarrita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA